ELKARRIZKETA

«Ilusioz eta gogoz egitea da niretzat balio duena»

Imanol Garcia Landa 2023ko mar. 27a, 07:59
Maider Mendizabal, frontoian. I.G.L.

Ia 40 urte daramatza Maider Mendizabalek (Anoeta, 1977) pilotari lotuta. Egun Anoetako Su-Berri klubean ari da. Tartean, beste hainbat kiroletan aritu da; bere ikasketak eta lana ere kirolari lotuta egon dira. Pilotari moduan bere azken pilotakadak ematen ari dela dio, baina lehiatzeko grina du oraindik. Honela, berarentzat berria den kirol batean federatu da, lehiaketetan parte hartzen jarraitzeko: padelean.

Zure pilotari ibilbidearen amaiera gertu dagoela esan daiteke?

Aurtengoa izango da nire azken urtea pilotari bezala, %99an. Pilotarekin lotuta jarraituko dut, entrenatzaile lanetan, eta federazioak edo elkarte batek laguntzarik eskatzen badit hor izango naiz. Baina txapelketak jokatzeari aurtengo denboraldian utziko diot, maiatza inguruan.

Zer txapelketan zaude murgilduta?

Irailetik abendura bitarte Gipuzkoako Txapelketa izaten da, eta urtarrilean Euskadiko Txapelketa jokatu genuen. Ondoren, elite mailako Euskadiko Txapelketa jokatu dut eta txapeldun atera berri naiz.

Eta zer modalitatetan?

Palaz, gomazko paletan. Urte hauetan guztietan palaz jokatu dut. Egia da Munduko Txapelketak-eta izaten direnean palak aldatu egiten ditugula, eta paleta argentinarra izeneko beste pala finago batekin jokatzen dugula, beste pilota batekin, eta gehiena trinketean. Baina normalean hemen Gipuzkoan, eta Euskal Herrian, gomazko paletan jokatzen dugu. Eskuz ere asko jokatu dut, txikitan eta orain dela gutxi arte, baina dagoeneko eskuz ez naiz aritzen. Larruzko paletan ere aritu naiz, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Bizkaia Open txapelketan, Bizkaia frontoian. Gonbidapenarekin izaten da, eta hasierako urtetan gonbidatu ninduten; orain badirudi zahartu egin naizela eta enbarazu egiten dudala, nahiz eta beti finalera iritsi... Euskal pilotako jokamolde askotan aritu naiz, baina egia da palaren barruan mota ezberdinak daudela, eta bakoitzak bere frontoi mota du.



Noiz hasi zenuen zure ibilbidea pilotan?

Oraintxe 45 urte ditut, 46 egiteko bidean, eta Anoetan sortu zuten lehenengo pilota eskolan parte hartu nuen. Zazpi urterekin eman nuen izena eta hamalau urte arte eskuz aritu nintzen, mutilekin. Hasieran pilota goxoarekin, gero toke erdikoarekin eta pixka bat tokekoarekin, takoak jantzita. Orduan mutilekin jokatzen nuen, eta urte batean Gipuzkoako Txapelketa jokatu genuen Tolosako San Esteban elkartearekin. Orduan kluben artean jokatzen zen, eta klub bakoitzak infantil, kadete eta jubenil mailako bikote bana jarri behar zuen. Urte batean infantiletan ez zuten bikoterik-edo izango, eta Anoetara joan ziren, eta Aitor Landak eta nik baietz esan genuen. Oso txapelketa polita zen hura, Herriartekoa bezalakoa zelako, baina kluben artean. Hamalau urte arte jokatu nuen, eta Tolosako Batzokia zenaren frontoian txapelketa bat antolatzen zuten urtero, eta hor askotan parte hartu genuen, eta finalera iritsi ere bai. Alkizan antolatzen ziren txapelketetan ere parte hartu genuen.

 

«Ia 46 urterekin padelean hasiko naiz lehiatzen, eta ematen du hamabost urte ditudala»



Nolatan utzi zenuen eskuz jokatzeari?

Mutilekin jokatzen nuen, baina iritsi zen adin bat neska eta mutilen arteko ezberdintasun fisikoa nabaria zena, pilota oso fisikoa baita. Oso ona izan eta teknika oso polita izan arren, pilotari ez badiozu jotzen, ez baduzu lautik pasatzen, jai daukazu. Eta niri hori pasa zitzaidan: pilotari teknikoa naiz, ordu asko pasa ditut eta bi eskuak landu ditut, baina eskuz ari zarenean pilota eskutik aterako zaizu edo ez zaizu aterako. Pilotari profesionaletan ere ikusten da. Denak profesionalak izan arren, batzuei pilota eskutik ziztu bizian ateratzen zaie eta beste batzuei itsatsita geratzen zaiela ematen du. Beraz, bakoitzak bere gaitasunarekin ahal duen onena egin behar du.

Ez nintzen pilota eskutik azkar ateratzen zitzaion pilotari bat, eta adin bat arte ondo moldatu nintzen, baina hamalau urterekin edozein mutilek, nahiz eta ni baino txarragoa izan edo ezkerrik ez izan, bostera botatzen zuen eta nik laua ezin nuen pasa. Desesperatu egiten nintzen, ikusten nuelako indarrez baino ez zidatela irabazten. Hori oso gogorra zen niretzat, haserretu nintzen eta esan nuen ez nuela pilotan segituko. Momentu horretan Juan Carlos Otero zen gure entrenatzailea, bera palista profesionala zen, eta berarekin profesionaletan zebilen Altzoko Olanotar bati eman zion nire egoeraren berri. Hark kontatu zion bere arreba palan aritzen zela, orduan jakin nuen neskak palan ari zirela jokatzen eta orduan hasi nintzen ni ere. Hamabost urterekin hasi eta orain arte.

Palan aritu zara, beraz, nagusiki zure ibilbidean.



Bai, batez ere gomazko paletan aritu naiz. Palan hasi eta handik sei hilabetera deitu zidan Espainiako hautatzaile batek, esanez urte horretan, 1993an, 22 urtez azpiko Munduko Txapelketa zegoela, eta pilotarien zerrendan nengoela. Joateko aukera izan nuen, baina trinketean zen eta paleta argentinarrarekin. Ni Irurako trinketera bi aldiz joanda nengoen, baina lagunekin jokatzera, eta paleta argentinarrak eta horrekin erabiltzen den pilotak ez dute zerikusirik gomazko paletarekin. Munduko Txapelketan gomazko paleta ez da jokamolde ofizial bat, bestela askoz gehiagotan txapeldun izango nintzatekeen. Horretan askoz hobea naiz. Beraz, askoz meritu gehiago du zurea ez den jokamolde batean txapeldun geratzeak.

Jokamolde ugaritan aritu zara, beraz.

Diziplina anitzekoa izan naiz. Frontballean ere jokatu dut; eskuz jokatzen da baina beste pilota batekin, eta lehenengo edizioan Espainiako Txapeldun izan nintzen. Nik argi nuen jokatu nahi nuela, berdin zen zertan. Euskal pilota orokorrean gustatzen zait. Zesta puntan ari dira orain neskak, eta nik garai batean jokatu nahi nuen, baina amari esan nionean nire asmoa zein zen, ezezkoa eman zidan, asko balio zuelako horrelako zesta batek. Eta hori bakarrik falta zitzaidala esan zidan, beste modalitate batean hastea. Orduan ere kirol gehiagotan aritzen nintzen. Gaur egun ematen du ezin dela, baina nik hiru kirol federatu batera egiten nituen. Asteburuan ero baten moduan ibilita, baina ni gustura, eta hori da garrantzitsuena.

Zure ibilbidea, zure lorpenak, zerrendatzen hasiz gero, ez genuke bukatuko. Munduko, Europako eta Espainiako txapelduna izan zara. Zein da zure lorpenik bereziena?

Munduko Txapelketa bat lehenengo aldiz irabazi nuenekoa. Gurea ez den jokamolde batean, eta Argentinaren kontra jokatzen duzunean, kontuan izanda, beraiek batez ere paleta argentinarrean aritzen direla; edota Iparraldekoen aurka jokatzerakoan, beraiek trinketlariak direla kontuan hartuta eta guk frontoian jokatzen dugula... 1993an 22 urtez azpiko Munduko Txapelketan hirugarren geratu ginen, gero 1997an Arnedon egin zen beste 22 urtez azpiko Munduko Txapelketara joan nintzen eta hor ere hirugarren egin genuen. 1997an egin zen Munduko Kopa lehenengo aldiz, eta hor ere hirugarren, eta azkenik, 1998an, lortu genuen finalera iristea, eta Munduko Txapeldun izatea.


Ikaragarria izan zen, batez ere ez zelako gure jokamoldea. Selekzioko beste kide batzuk kexatzen ziren Iparraldekoen aurka jokatu behar genuelako, eta nik esaten nien horraino iritsi baginen eta ahal izan genuen dena entrenatu bagenuen, geure buruan sinistu egin behar genuela. Pilotari onak ginela esaten nien. Nik pertsonalki milaka ordu pasa ditut entrenatzen, eta badakit zer gaitasun dudan. Munduko Txapelketa batera joaterakoan duzun onena eman behar duzu, eta zuregan sinistu behar duzu, bestela jai duzu. Txapelketa lortu genuenen, beraz, mentalki ere gorakada bat izan zen. Berezia izan zen txapelketa hura irabaztea.

Beste bat aipatzekoa, eta gainera hemen eskualdean izanda, eskuz mutilekin jokatzen irabazi genuen Alkizako txapelketa. Luis Mari Sorarrainek zeraman pilota kontua, eta bera hasi zen txapelketa antolatzen. Aitor Landak eta nik parte hartu genuen, eta finala irabazi genuen. Berezia izan zen, ez zelako mutilen aurka partida bat irabaztea, txapelketa bat irabaztea baizik.

Munduko Txapelketan zenbat aldiz parte hartu duzu?

Denera, Munduko Kopak ere kontuan hartuta, hamahiru edo hamalautan. Lehen, Munduko Kopari Munduko Txapelketari baino garrantzi gutxiago ematen zitzaion. Baina garai hartan Munduko Txapelketan edozein selekziok parte har zezakeen, eta Munduko Kopan lehenengo hirurek eta kopa bera antolatzen zuenak parte hartzen zuten. Beraz, kopara joatea onenen aurka jokatzea izaten zen. Hala ere, jendarteak pentsatzen du Munduko Txapelketa maila altuagokoa dela.

Erronkak gustuku dituzu, baina presioak kikiltzen al zaitu?

Gustatu egiten zait; gero eta aurkari handiagoa izan, orduan eta oldarkorragoa bihurtzen naiz. Orokorrean, ez dit presioak eragiten, baina izan ditut urduritasun handiko partidak. 1997an Arnedon (Errioxa, Espainia) gertatu zitzaiguna da horren adibidea: finalerdia Mexikoren aurka genuen, eta irabazteko modukoa zen, ni orduan aldea sortzen nuelako. Baina oso urduri jarri nintzen, eta ezin nuen besoa askatu. Hori hasieran gertatzen bazaizu, normalean tantoak aurrera egin ahala askatzen joaten zaizu. Ba niri hasieratik bukaeraraino gertatu zitzaidan. Ez nintzen gai izan pilotakada bat jotzeko besoa solte nuela. Oso gaizki pasa nuen, nahi eta ezin aritu nintzelako. Hori izan da urduritasun aldetik izan dudan partidarik okerrena.

Entrenatzaile eta hautatzaile bezala ere, neure buruari galdetu izan diot zer egin nezakeen pilotariak bere onena emateko. Askotan ezin da ezer egin; gainera, prestaketa psikologikorik ez da egiten, gaur egun lehen baino zerbait gehiago egiten bada ere.

Orain gutxi izan da Miarritzen Munduko Txapelketa. Jarraitu duzu?

Nire ilusioa zen bertan azkenengoz Munduko Txapelketa jokatzea, baina Espainiako selekzioan azkenaldian gertatzen diren kontuekin... Dagoeneko ez ditut hainbeste tontakeria aguantatzen. Gaur egun prestaketa guztia fisikoa lantzea eta dieta egitea da, eta oso gutxi entrenatzea. Esaten dute Munduko Txapelketara joan nahi baduzu eta trinketean jokatu behar baduzu, urte guztian trinketean jokatzeko, baina hemen ez dago txapelketarik trinketean. Orduan zer egin beharko genuke, hemengo txapelketak utzi? Azkenean lau gara, eta ez badugu parte hartzen... Gure egoera ez da hain erraza, horregatik aritzen gara jokamolde ezberdinetan jokatzen.

Azken urteetan gehiegikeria izan da. Presio handia sartzen dute, pisua jaitsi behar dela esanez; aurreko Munduko Txapelketan prestatzaile fisikoari bidali behar zenion egiten zenuen ariketa fisikoa, pultsazioak, egunero pisatu... Nik esaten nien ea zer pentsatzen zuten, ez ginela hortik bizi horrelako exijentzia maila eskatzeko. Bartzelonako 2018ko Munduko Txapelketarako, nahiko sakrifizio egin nuen, eta oraingorako azken Munduko Txapelketa bat jokatzearen ideia hori gustatzen zitzaidan.

Baina azkenean ez zenuen parte hartu.

Asmoa berriz trinketera bueltatzea zen, 2014an eta 2018an Munduko Txapelketak paleta argentinarrarekin baina frontoian jokatu nituelako. 30 metroko frontoian atera zuten modalitate berria emakumeentzat, binaka. Baina 2022ko Munduko Txapelketarako jokamolde hori buruz buru jarri zuten, eta, ni ez nintzen ariko 44 urterekin 20 urteko baten aurka korrika txoro bat bezala... Trinketean aukera gehiago nituen, eta hitz egin nuen trinketeko hautatzailearekin. Espainiako Txapelketan parte hartu nuen, finalera iritsi ginen eta bigarren geratu ginen. Baina nik urte asko neramatzan trinketean entrenatu gabe, eta pentsatu nuen: «Sakrifikatu behar dut entrenatzeko, eta hori ez zait hainbeste axola, baina gero hainbeste exijentzia eta jarrera horiekin..».. Eta azken unean erabaki nuen ez nuela saiakera egingo. Bestela banekien uda guztia pasako nuela borrokan jende horrekin, eta ez nuen erotuta bukatu nahi.

Beraz, ez nintzen joan, eta ikusle bezala egon nintzen, eta inbidia pixka bat pasa nuen. Jendearekin egon nintzen, eta gerora pentsatu nuen ondo egin nuela, ez zelako giro onik izan. Ez zen erraza izan erabakia, buelta asko eman nizkiolako buruari. Hor geratu nintzen, nire azken Munduko Txapelketa hori jokatu gabe; baina bizitzak aurrera jarraitzen du, beste gauza batzuk egingo ditut, eta aukera badut beste Munduko Txapelketa bat ikustera joateko, joango naiz.

Pilotaz kanpo ere beste kirol batzuetan aritu zara. Kirola barruan daramazu.



Bai, gustatu egiten zait, eta lehiaketak gustuko ditut. Beti izan dut kirolarentzako gaitasuna, eta edozer gauza probatzen nuen, gustatu egiten zitzaidan eta gero entrenatu egiten nuen. Astean behin bakarrik entrenatuta, ona izan nahi baduzu, hamar aldiz jaio beharko duzu, bestela ez dizu denborarik ematen. Urte batzuetan iraupen eskia egiten nuen, eta tenisean ere ibili nintzen urte pare batez. Pilotan eta areto futbolean aritu naiz gehien. Areto futbolean Shanti Kirolak taldean egon nintzen, gero Laskorainen; 18 urterekin joan nintzen heziketa fisikoko lizentziatura ateratzera, eta Arabako unibertsitate taldean parte hartu nuen. Esan nien parte hartu nahi nuela, baina pilotan ere jokatzen nuela. Ostiraletan etxera joango nintzela esan nien eta egun horretan pilotako partida jarriko nuela, eta gero larunbatetan, etxeko partidak zirenean joango nintzela jokatzera. Gainera, garai horretan, igandetan, lan egiten nuen taberna batean, beraz, ero moduan ibiltzen nintzen.

Horrez gain, Tolosan Kaxkardi izeneko piraguismo talde bat izan zen, emakumeek sortua. Ikastaroak ematen zituzten, eta Txaramara joaten ginen ikastera. Gero begirale egon nintzen hor urte luzez, eta ondoren Kaxkardiren ardura ere izan nuen beste pertsona batekin batera. Ez naiz aditua, baina hor ere ondo moldatzen nintzen. Atletismoan eta errugbian jokatzeko proposamenak ere izan nituen, baina federatu moduan asteburutan bi edo hiru kirol egitea nahiko lana bazen, imajinatu beste batean sartzea.



Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasi zenuen; lanean ere kirolaren inguruan aritu zara.

Bai, lizentziatura egiterakoan Gipuzkoako Pilota Federaziotik deitu eta nire gelako bat eta ni kontratatu gintuzten. Teknikari gazte talde bat aritu ginen ideia arraroekin. Ikusi gintuztenean frontoian, lurrean koadro batzuk markatzen entrenamenduak egiteko, jendeak aluzinatu egiten zuen: «Pilota pilota da», esaten ziguten. «Jokatu eta puntu». Horiek ere pasa genituen, eta hamahiru urte egon nintzen Gipuzkoako Federazioan. Hasieran eskola kiroleko koordinatzaile moduan, eta gero eskuzko teknifikazio proiektu bat sortu genuen. Euskal pilotako lehen irakaskuntza prozesua ere sortu genuen, eskuan oinarrituta, baina gero edozein jokamoldetan erabili daitekeena. Lau urteko lan bat egin genuen, foru aldundiak eskatuta, eta gaur egun irakaskuntza prozesu hori da unibertsitatean erakusten dena.

Emakume pilotari proiektuan ere aritu zinen.

Federazioak 2004an Emakumea Pilotari proiektua jarri zuen martxan, eta helburua zen emakumezkoen artean pilota bultzatzea, bai eskola kirolean, bai arlo federatuan, eta baita aisialdiko kirolean ere. Lehen urtetan arrakasta handia izan zuen, baina federazioari beti berdina gertatzen zaio, gerora proiektuak indarra galtzen duela kluben esku uzterakoan. Euskal pilotan klubak oso txikiak dira. Badaude handiagoak baina hau ez da futbola. Pilota oso prekarioa da, eta askotan pertsona bera aritzen da entrenatzaile moduan, eta baita ordezkari, presidente, epaile eta komunikazio arduradun gisa ere.

Beste lan batzuetan aritu zara, pilotaren munduaz aparte.

2013an federazioa utzi nuen. Krisia etorri zen; federazioak diru laguntzekin funtzionatzen du, eta pila bat jaitsi ziren. Garapen pertsonaleko gaietan hasi nintzen. Kirol psikologia eta horrelako gaiak beti interesatu zaizkit. Psikologiarekin lotutako ikastaroak egin ditut, bioneuroemozioko master bat ere egin nuen, eta Txitxi Orbegozorekin batera Me reto 100 dias izeneko programa jarri genuen martxan; Tolosaldean arrakasta izan zuen. Pertsona bezala garatu ahal izateko eta zure bertsio onena emateko programa bat zen, ehun egunekoa, garapen fisikoa, nutrizioa eta garapen pertsonala lantzen zen bertan. Horrekin hasi ginen, lan asko egin genuen eta asko ikasi ere. Gero, salto egin genuen Internet bidez zabaltzera.


2018an jokatu zuen azkeneko Munduko Txapelketa, Bartzelonan. ATARIA

Ondoren, orain pare bat urte, pilota federaziora bueltatu nintzen, teknikari bezala gauza puntualak egiteko, eta gaur egun Ekotalo proiektuan nabil. Horrez gain, garapen pertsonaleko kontu batzuekin ere ari naiz. Nire saioak ezberdinak dira. Pilota munduko bezeroak izan ditut; saioak frontoian egiten genituen. Aurrena beraien arazoak entzun, laguntzen saiatu, eta gero frontoian entrenamendu bat egiten genuen. Azkenean, dena burua da, kirolean ere dena burua da. Kirol psikologian master bat egiten hasi naiz, gauza batzuetan hobetu dugu, baina gaur egungo gazteek oso zail dute; alor psikologikoa beti oso garrantzitsua izan da, baina gaur egun are eta garrantzitsuagoa da. Gaurko umeei dena egiten diegu, tonto bihurtzen dira, ez diegulako euren kabuz gauzak egiten uzten. Alor honetan, gauza interesgarriak daude egiteko.

Emakume Pilotarien Elkartearen sorreran parte hartu zenuen 2019an. Nolakoa izan zen prozesua?

2017 inguruan hasi ziren komunikabideak emakumezkoen eskuzko jokamoldea bultzatzen. Gizonezko enpresari batek martxan jarri zuen orain famatu egin den Emakume Master Cup txapelketa. Horrek indarra hartu zuen, eta diru laguntzak lortu zituen Laboral Kutxatik, eta baita hainbat udalerritatik, bertan jaialdiak antolatzeko. Interes mediatiko hori medio, dirua mugitzen hasi zen, eta dirua pilotarientzako bakarrik ez, diru hori pilota estruktura itxuroso bat prestatzeko erabili zitekeen... Baina dena txapelketa horrentzat eta enpresa baten onurako erabiltzen ari zen. Pilotariok ez genuen ezer irabazten: Astorek galtza batzuk, Mizunok zapatilak, eta finala irabaziz gero, 200 euro. Finala izan bitartean Bizkaian jokatzen baduzu, joan-etorria 60 euro kostatzen zaizu... Nolabait negozio bat sortzen ari zen, eta protagonistak pilotariak ginen, baina guk ez genuen pisurik. Bikoteak edozein modura osatzen ziren, eta lehiaketa sistema bera ere interesen arabera. Eta guk, emakume pilotariok, nolabait gure iritzia emateko, eta gure pisua izateko, denak bateratzeko asmoarekin sortu genuen Emakume Pilotarien Elkartea.
Maider Mendizabal pilotaria omendu zuten, 2017an. A. IMAZ


Zein izan da elkartearen garapena?

Indarrarekin hasi ginen, interes mediatiko bat bazegoelako. Pertsonalki ere banuen hor nire borroka: 28 jokamolde daude euskal pilotan, eta denak dira pilotariak, ez bakarrik eskuz jokatzen dutenak. Udalerrietan pilota jaialdiak egiterakoan, eskuzko modalitatean izan behar dutela diote, baina kontuan izan behar da palan Munduko Txapelketak daudela. Horren inguruan izan ditugu gure eztabaidak. Bestalde, Master Cupeko antolatzailearekin hitz egiten hasi ginen, eta esan genion pilotari onenak nahi bazituen, hori ordaindu egin behar zela. Erantzuna izan zen orduan denei ordaindu beharko ziela... Azkenean, pilotari batzuk kobratu gabe ere jokatzera joan ziren. Nik urte asko daramatzat pilotaren munduan, eta nazkatuta nago. Herri bateko festetako partidara joaten zara eta mutilei gutun-azala ematen diete, diruarekin, eta gero afaria edo ardo botila bat, eta neskei ardo botila eta gazta erdi bat eta eskerrak. Nik horrelako partida asko jokatu ditut, urte askoan, eta horregatik iruditzen zitzaidan indarra egiteko une bat zela.

Zein da gaur egungo egoera?

Gauza pila bat elkartu ziren. Gazteak ez ditu gauza zail horiek bizi izan, eta aluzinatu egiten du kamiseta bat ematen bazaio, telebistan atera eta aurkezpen bat egiten bada; iruditzen zaio sekulakoa dela. Orduan, gure artean ez gara gai izan adostasun batera iristeko, eta ados gaudenak ez dugu jakin izan behar bezala lan egiten. Ni nazkatu naiz, eta elkartea uzteko asmoa dut. Batzuk atera ziren elkartetik eta Ados Pilota elkartea sortu zuten. Hauek eskuzko klub profesionala sortzeko asmoz daude, baina zer esan nahi du profesional izatea? Nik ez nuen horrela ikusten, eta beraiek hor jarraitzen dute, ahal dutena egiten. Beste pilotari batzuk bere kasa aritzen dira, eta Master Cup txapelketan parte hartzen dute, enpresari horren inguruan. Azkenean, oso gutxi gara, eta denak sakabanatuta gaude. Niri pena ematen didana da denok batera indarra egin dezakegula, eta saiatu gaitezkeela estruktura bat osatzen.

 

«Gure artean ez gara gai izan adostasun batera iristeko, eta ados gaudenak ez dugu jakin izan behar bezala lan egiten»



Zer etorkizun du emakumezkoen pilotak?

Gutxi gara pilotan aritzen garen neskak, eta gainera denak jokamolde ezberdinetan zabaltzen bagara, ez dago nahikoa txapelketa itxurosoak egin eta jarraipen bat izateko, urte luzez. Palak hori eskaintzen zuen, baina dirudienez pala ez da interesekoa. Nesken gehiengoa palaz aritzen da, baina gero komunikabideetan bultzada eskuari ematen zaio. Urtean bi txapelketa jokatzen dira, bakoitzean hiru partida, eta ez dago besterik. Hori da dagoena, ez saltzen dena. Denborak esango du gaur bizi duguna zabaltzen doan ke moduko bat den, edo beste zerbait indartsuagoa den.

Baina, eskuzko modalitatean oinarri bat ez badago... Ezkorra naiz. Saiatu naiz urte hauetan guztietan laguntzen, beti egon naiz laguntzeko, nire ingurura etorri den edozein neskari lagundu diot, erakutsi diot, baina jada nekatu egin naiz, eta momentu honetan pilota uzteko arrazoi nagusiena hori da. Gurditik tira eta tira aritu naiz, eta zertarako? Azkenean bakoitzak nahi duena egiten du. Pilota oso berezia da: taldean entrenatu behar duzu, baina gero jokatzerakoan oso indibiduala da.

Pilota utziko duzu lehiaketari dagokionez, baina beste kirol batean lehiatzen jarraituko duzu.

Zahartzen ari naiz, eta nire esprintak eta nire saltoak ez dira lehengokoak... Entrenatzaile bezala jarraituko dut; niretzat pasio bat da, eta erraz ateratzen zait entrenatzaile izatearena. Orain beste kirol batean hasi naiz, padelean. Familia bat duzunean zaila da bi kirol federatu egitea. Padela oso dibertigarria da, maila pila bat daude, eta nire lekua bilatu nahi dut. Federatu naiz dagoeneko, torneo bat jokatuko dut eta ea zer moduz doan. Lehiatzea gustatzen zait, pike sanoa. Hori denok ikasi beharko genuke: kirola lehia da, eta saiatu behar duzu irabazten. Eta galtzen baduzu, ez da ezer pasatzen. Bizitzeko modu bat da; niri gustatu egiten zait kirola, pikatu egiten naizelako. Padelean nire erronka maila igotzea da eta, horrez gain, asmo zehatz batzuk ere baditut. Beteranoen euskal selekzioa badago, eta bertan sartu nahi dut, batera eta bestera bidaiatu ahal izateko. Ilusioz nago. Ia 46 urterekin padelean hasiko naiz lehiatzen, eta ematen du hamabost urte ditudala. Ilusioz eta gogoz egitea da niretzat balio duena.

 

PALMARESA NAZIOARTE MAILAN

  • 1993. 22 urtez azpikoen Trinketeko Munduko Txapelketa. Buenos Aires (Argentina). Brontzezko domina.
  • 1994. Euskal Pilotako Munduko Txapelketa Absolutua Donibane Lohitzunen. Brontzezko domina.
  • 1997. Maiatza. 22 urtez azpikoen Trinketeko Munduko Txapelketa Arnedon (Errioxa, Espainia). Brontzezko domina.
  • 1997. Iraila. I.Trinketeko Munduko Kopa Baionan. Brontzezko domina.
  • 1998. Euskal Pilotako Munduko Txapelketa Absolutua Mexikon. Urrezko domina.
  • 1999. Euskal Pilotako Nazioarteko Trinketeko I. Opena Baionan. Urrezko domina.
  • 2000. Euskal Pilotako Nazioarteko Trinketeko II. Opena Parisen (Frantzia). Urrezko domina.
  • 2000. II.Trinketeko Munduko Kopa Baiona. Urrezko domina.
  • 2001. Euskal Pilotako Nazioarteko Trinketeko III. Opena Parisen (Frantzia). Urrezko domina.
  • 2002. Martxoa. Euskal Pilotako Nazioarteko Trinketeko IV. Opena Parisen (Frantzia). Brontzezko domina.
  • 2002. Apirila. Euskal Pilotako Nazioarteko Trinketeko V. Opena Senperen. Zilarrezko domina.
  • 2002. Euskal Pilotako Munduko Txapelketa Absolutua Iruñean. Zilarrezko domina.
  • 2003. Euskal Pilotako Nazioarteko Trinketeko VI. Opena Parisen (Frantzia). Brontzezko domina.
  • 2004. II.Trinketeko Munduko Kopa Baionan. Urrezko domina.
  • 2006. Euskal Pilotako Munduko Txapelketa Absolutua Mexikon. Zilarrezko domina.
  • 2007. Nazio Arteko Sari Nagusia. Iruñeko Irekia. Zilarrezko domina.
  • 2008. IV. Trinketeko Munduko Kopa Kuban. Urrezko domina.
  • 2012. Trinketeko Munduko Kopa Iruñean. Zilarrezko domina.
  • 2014. Munduko Txapelketa Tolucan (Mexiko). Zilarrezko domina. Lehen aldiz 30 metroko frontoian jokatu zuten.
  • 2018. Munduko Txapelketa Bartzelonan. Zilarrezko domina 30 metroko frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!