ERREPORTAJEA

Hiru emakume, kortseen lokarriei tiraka

Irati Saizar Artola 2022ko abe. 23a, 07:59

Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana ikusteko aukera izango da, gaur, 18:30ean, Anoetako Mikelasagasti auditorioan, Erika Olaizola, Amancay Gaztañaga eta Iraia Elias aktoreen eskutik.

«Hiru emakume, kanpai hotsekin batera, puntual elkartzen dira merienda mahai baten inguruan. Tisana, pasta, azukre eta pasteltxoz betetzen dituzte gorputzak, beraien egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean. Ba ote dakite, beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradatik izan dira sortuak emakume hauek? Nork idatzi du tinta lodiz historia? Historia kontatu diguten bezalakoa al da? Nork mugitzen ditu emakume hauen kortseen hariak?». Galdera horiei erantzun bat ematera igoko dira hiru emakume oholtzara, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlanean. Anoetako Mikelasagasti auditorioan ikusteko aukera izango da, gaur, 18:30ean.

Iazko urrian estreinatu zuen lana Kamikaz Kolektiboak. Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola kolektiboko kideek eta Iraia Elias Ttak Teatroa konpainiako aktoreak sortu eta gorpuztu dute antzezlana, eurak izan dira ideia bati tiraka gidoia idatzi, zuzendu eta antzeztu dutenak.

 

Erika Olaizola: «Umorea dauka antzerkiak, freskura, ganberrismoa; eta aldi berean, eduki batekin gatoz»




Netflix plataformako Bridgerton telesaila ikusi ondotik, «zer pentsatua» eman, eta obra osatzeko ideiak hartu zituztela kontatu du Olaizolak: «Hirurok ikusi genuen lehen denboraldia eta galdera batzuk sortu zitzaizkigun: historiari begiratzean, beti dago erreferentzia berdin bat garai hartako emakumeena. Hori beti izan da horrela? Edo horrela izan dela kontatu digute eta uneoro elikatzen gara hortik?». Galdera horiek «interesgarriak» iruditu zitzaizkien eta argi ikusi zuten lan berrian hiru emakumek hartu behar zutela parte, mahai baten bueltan eta tea hartzen. «Hasierako irudia hori izatea nahi genuen, feeling hori sumatu genuen, zerbait mugitu egin zela gure baitan, eta materiala bazegoela eta gure momentua izan zitekeela pentsatuz, ekintzara pasa ginen».



Londresen kokatuta dago Bridgerton telesaila, XIX. mendean. Goi mailako gizarteko bi familia dira protagonista, eta familia horietako seme-alaben bizitzak kontatzen dira, maitasuna eta zoriontasuna bilatzen duten bitartean. «Horrelako serieak ikustean, gu ere, ikusle bezala, berdin-berdin kakaztuta gaudela ikusten dugu», dio Olaizolak. «Umetatik hasten gara telesailak eta publizitatea kontsumitzen, eta nolabait, modu automatikoan, kode batzuk sartzen zaizkigu, eta harremanak eraikitzeko moduan eta bizitza egitekoan eragin egiten du; gero, kontzientzia hartzen hasten zara, kode horiek nondik datozen jakiteko». Nahiz eta begirada «kontzienteagoa» izan, askotan, kode horietan «sartu-sartu eginda» sumatzen dutela beraien burua kontatu du Olaizolak. «Antzezlanean oso modu zintzoan gatoz, ez dugu distantzia batetik hitz egiten, gu ere hor kokatzen garelako, eta kontziente gara fikzioak gugan zer eragin duen; gugan badu eragina, eta horregatik, lehen pertsonan biluzten gara, eta joko horretan oso sartuta gaudela konpartitzen dugu».

Antzezlana mahaiaren bueltan hasi bai, baina aurrera egin ahala, guztia «mugitzen» hasten da: «Jolas pila bat etorriko dira, hankaz gora jartzera gatoz; ondo astintzen ditugu bazterrak, eta baita geure buruak ere».



Garai batean kokatuta egongo balira bezala egiten dute jolas, baina Olaizolak dio, berdin-berdin izan daitekeela gaur egungo egoera ere: «Gertatzen den guztia izan daiteke oraintxe bertakoa: gizonaren zain egotea, botere dena gizonari ematea, maitemintzea, guztia entregatzeko prest egotea... konturatuko gara garai batekoa izanagatik oraintxe bertan gertatzen dena dela, gu ere hor aurkitu izan garela». Epokako giroa «aitzakiatzat» hartu dutela diote. «Janzten ditugun kortse horiek badira nolabait aktualak ere».

Hiru kortse

Kortse bana izango dute soinean hiru aktoreek. «Sinbolikoki kortsean jartzen gaituzten egoerak bilatzen ibili gara, ez diogu arropari bakarrik begiratu». Soinean dituztenak, ordea, ez dira kortse errealak, mugimendua baimentzen diete, antzezlanak irauten duen ordu eta laurdenean oholtzan mugitzea, lurrera jaustea, altxatzea eta hara eta hona ibiltzea ahalbidetzen diete. «Gure gorputzera egokituta daude, baina malguak dira aldi berean».



Kortsea gerrian, fikzioaren eta errealitatearen artean mugituko dira hiru emakumeak. Emakume diren moduan, fikzioan, gizonak ere badira antzezlaneko une batzuetan. Kanpo espazio bat eraikitzen dute, ordea, errealitatea erakusteko. «Uneoro sartu-irten horretan gabiltza, baina errealitatean gaudenean, herri horretan kokatzen gara, Anoetan kokatuko gara gaur, oholtza gainean, momentu errealean, etorriko den publikoarekin. Oso presentea da alde horretatik».

Artistek umoretik heldu diote istorioari, eta hala, komedia garratza egin dute. «Umorea dauka antzerkiak, freskura, ganberrismoa, eta aldi berean, eduki batekin gatoz, eta umorez tratatzen asmatzen dugu; barrez, baina sartzen ditugu zaska batzuk tartean, entretenigarria da».

Hiru aktoreek elkarrekin egin duten lehen antzerkia da honakoa. Inprobisazioaren bidez josi ohi dute obra, bidean jolas eginez. Buruan dituzten galderak konpartitzen dituzte lehenik, eta telesail, liburu edota erreferentzien bidez iruditeria aberasten dute ondoren. Hor hasten da jolasa. «Jolasten eta jolasten, materiala ateratzen hasten da, eta norabide bat ematen hasten gara». Horren ondoren idazten dute obra. Eta behin gidoia eskuartean izanda, beste modu batean lan egiten hasten direla kontatu du Olaizolak: «Guztiari koreografia osatu, findu, espazialki erabakiak hartu, jantziak aukeratu, argiak definitu eta bestelako lanak egiten ditugu gero».

Jolas horretan, Espe Lopezen laguntza izan dute, hark lagundu die distantzia batetik begiratu eta materiala ateratzen. Hala ere, hiru aktoreak izan dira lanaren zuzendariak, lanaren gidariak, kanpo zein barru.

 

ANTZEZLANA

Gaur, abenduak 23, ostirala

Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi 18:30ean, Anoetako Mikelasagasti auditorioan.

 

HIRU KORTSE, AZUKRE ASKO ETA BRANDY GEHIEGI

Aktoreak, zuzendaritza eta testua: Erika Olaizola, Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga.

Zuzendari bidelaguna: Espe Lopez.

Jantziak: Barbara Rasso.

Argiztapen diseinua: Miriam Ubanet eta Ana Da Graça.

Teknika: Uhina.

Zuzeneko soinu banda: Amancay Gaztañaga.

Izaki berria kanta: Odei Barroso.

Ilustrazioa eta kartela: Idoia Beratarbide.

Irudigintza: Kulturaz kooperatiba.

Banaketa: Goizane Barroso.

Ekoizpena: Azpeitiko Kulturaz kooperatiba.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!