Azaroaren 29an 'Don't be Dummy' bide-hezkuntza programa aurkeztuko dute Anoetan

Ataria 2022ko azaroaren 23a

Datorren asteartean, Anoetako Herri Ikastolako aretoan egingo dute saioa, euskaraz, 16:00etan hasita. DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek parte hartuko dute.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Don’t be Dummy, Zuk ez duzu ordezkorik ekitaldi ibiltariek trafiko-istripuak saihesteko helburua dute eta Euskadiko ikastetxe ez-unibertsitarioetako gazteei zuzenduta daude. Jaurlaritzako kanpaina honetan, 15 eta 19 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte.

Anoetako ekitaldian zenbait lagunen zuzeneko testigantzak entzuteko aukera egongo da: Mikel Zubeldiak (Tolosako suhiltzailea) eta Alaitz Arbillak (trafiko istripu baten ondorioz bizkarrezur-muineko lesioa duen neska) zuzenean eskainiko dute beraien testigantza, bertatik bertara. Bestalde, ekitaldian zehar testigantza gehiagoren bideoak ikusteko aukera egongo da: larrialdietan lan egiten duen medikua, trafiko-istripuek utzitako biktimak... «Lehenengo pertsonan kontatutako testigantza horien bitartez gazteen barnea mugitzea lortzen da; bizipen horiek oso hunkigarriak izaten dira eta gazteengan inpaktu handia edukitzen dute».
 
Orain arte, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 60 udalerritan aurkeztu dute programa, eta guztira 157 saio burutu dituzte; horietan 170 ikastetxe ezberdinek hartu dute parte. Orotara, 35.000 ikusletik gora izan ditu Don’t be Dummy programak eta 101 lekuko inguru ausartu dira beraien esperientzia pertsonala kontatzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!