Modestoenea erostea erabaki du Anoetako Udalak

Ataria 2022ko azaroaren 10a

Azkeneko osoko bilkuran, aho batez, 450.000 euroko kreditu aldaketa onartu zuen udalbatzak erosketa egin ahal izateko.

Anoetako udalak Modestoenea etxea erosiko du datozen asteetan. Udal talde osoaren adostasunarekin hartu da erabakia, eta joan den urriko udalbatzan onartu zuten erosketa egiteko 450.000 euroko kreditu aldaketa.

Eraikina erostearen helburu nagusia da Anoetako herri ondarea babestea, eta horrela azaldu du Pello Estanga alkateak: “Herritarrentzat balio sentimental handia du Modestoeneak; aisiarako elkargunea izan da hainbat eta hainbat belaunaldirentzat”. Modestoeneak funtzio sozial garrantzitsua bete zuen XX. mendean, Anoetako hainbat belaunaldirentzat bilgunea izan baitzen, eta, horrez gain, estankoa, denda eta taberna ere izan zen hamarkada luzez.

Epe laburrean, beraz, erostea erabaki dute, "ondarea babesteko, eta aurrera begira, berriz, irekita dituzte ate guztiak". Alkateak esan duenez, asmoa dute herritarrekin batera hausnartzeko zein funtzio izango duen eraikinak etorkizunean; eta hori lortzeko modua parte hartze prozesu bat abiatzea izan liteke, beste gai batzuekin egin duten moduan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!