Landa-eremuko lursailak topografikoki mugatuko dituzte Anoetan

Ataria 2022ko aza. 3a, 11:38

Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko bi bilera egingo dituzte azaroaren 8an: 11:00etan, lehena; eta 18:00etan, bigarrena. Biak ala biak izango dira Mikelasagasti auditorioan.

Anoetako Udalak proiektu berria du eskuartean: landa-eremuko lursaiak topografikoki mugatzea. "Herriko adinekoengan dago landa-eremuaren ezagutzaren zati handi bat eta, beraz, baita lursailen mugarriena ere. Horregatik, garrantzitsua da ezagutza hori jasotzea, eta, muga fisikoez gain, altxaera topografiko bidez dokumentatuta uztea", aipatu dute udal arduradunek. Proiektu honen bidez, adinekoen eta ondorengo belaunaldien ezagutza partekatu eta zubi lana egin nahi dute. "Ezagutza da kudeaketarako eta erabilerarako lehen pausoetako bat".

Proiektua egiteko Geograma enpresa kontratatu du udalak, eta 362 hektareako azalera okupatzen duten 525 lursail mugatzeko lanak hasiko ditu. Horretarako, 48.000 euroko inbertsioa egin da, eta 10.000 euroko diru laguntza jaso du udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa ingurunearen departamendutik.

Azaroaren 8an hasiko da egitasmoa, eta, aldi berean, bilera informatibo batera deitu dira Gipuzkoako Landa Lurren Katastroan ageri diren 131 lur jabeak. Bilera Mikelasagasti auditorioan izango da, eta bi txanda egingo dituzte: 11:00etan, lehena; eta bigarrena, 18:00etan. Bertan, proiektuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, lurjabe bakoitzari katastroan agertzen diren datuetan oinarritutako fitxa aurkeztuko zaio. Mugak behar bezala daudela uste izanez gero, zuzenean egingo dira altxamendu topografikoak; aldiz, mugak oker daudela uste izanez gero, ondoko mugakideen adostasunarekin muga horiek aldatu eta behar bezala azalduko dira.

Beraz, gonbidapena jaso duten guztiei dei egiten zaie auditorioan egingo diren bilera horietan parte hartzera. Zalantzarik izanez gero, Anoetako Udaleko Ingurumen eta Landa Garapen sailarekin jarri daitezke harremanetan.

Beste bilera informatibo batzuk

Horiez gain, azaroaren 10ean, Isasti, Hozpel eta Etxaburuko herritarrekin bilera bat egingo dute; eta azaroaren 17an, Errotaldea auzokoekin. Lehenago ere egin dira bilerak auzo hauetako herritarrekin, bertako beharrak identifikatu ahal izateko eta iritziak biltzeko. Orain, berriz, auzo bakoitzerako aurreproiektu bana egin dute eta lan hori aurkeztuko zaie auzotarrei.​

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!