Euskal jaiak hartu du Anoetako plaza

Leyre Carrasco 2022ko urriaren 9a

Hamabosgarren urtez jarraian ospatu dute Euskal Jaia. Aurten, elikadura sistema hizpide hartuta antolatu dute festa, baina gaur ari dira egun handia ospatzen.

Euskal nortasuna hauspotu, jakintza eta tradizioak ezagutarazi eta herriko baserritarrei plaza eskaintzeko eguna ospatzen ari dira Anoetan. Hain zuzen, hamabosgarren aldia da Euskal Jaia antolatzen dutela eta bigarren urtetik gai bat hartzen dute urtero lantzeko. Aurten elikadura sisteman jarri dute azpimarra, eta horren inguruan antolatu dute festa. Gaur ari dira egun handia ospatzen, ordea.

Goizean goizetik hainbat postuk hartu dute herriko plaza; baserrietako produktu freskoak, eta elikagai eta artisautza postu gehiago ere izan dira tartean, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritakoak. Baserritarren lana bistaratzeaz gainera, euskal nortasuna aldarrikatzeko helburua ere badu Euskal Jaiak. Horregatik, antolatzaileek urtero eskatu bezala, bisitari ugari bertaratu da baserritar jantziekin. Aurten, gainera, berrikuntza bat ere izan dute; animaliak plazara jaitsi ordez, plazako leku hori transmisio gune bezala erabili dute, eta bertan, haurrei zuzendutako hainbat jolas prestatu dituzte. 

Horrez gain, aurtengoan ere ekitaldia eta ardo dastaketa egin dute. Bertan, herriko txalapartariak eta Loatzo Musika Eskolako, Anitz Dantza Taldeko eta Kukuak Kantuz taldeetako kideek hartu dute parte. Ekitaldiaren ostean, txekor jateari eman diote hasiera. Arratsaldean ere festak ez du etenik izango eta 18:00etan herri kirol desafioa izango dute; Urdax Magunazelaia eta Jokin Ezimendi harri jasotzaileak izango dira batetik, eta Irati Astondoa eta Nerea Arruti aizkolariak, bestetik. 20:00etan agurtuko dute festa Laja eta Alabierrek eskainiko duten erromeria saioarekin batera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!