Elikadura sistema  jarriko dute erdigunean Anoetako Euskal Jaian

Ataria 2022ko urriaren 4a

‘Zure platerean hasten da mundua’ dokumentala eskainiz hasiko dute Euskal Jaia eta ostiralean Sarobe etxaldea bisitatzeko aukera izango da; igandean egingo dute azoka.

Hamabost urte dira jada anoetarrak Euskal Jaia ospatzen hasi zirela. Urtero gai jakin baten inguruan antolatzen dute, baina aurten elikadura sisteman jarri dute azpimarra, orokorrean. «Aldi berean, hainbeste hitz edo gai barnebiltzen duen kontzeptua da: lurra, transmisioa, hizkuntza, ekoizpena, bizi ohiturak... Izan ere, agerian gelditzen ari den krisi ekosozialak gure bizi ohiturak errotik aldatzea eskatzen digu, eta horren aurrean, ezinbestekoa dugu gure elikaduraz hausnartzea», esan dute Euskal Jaia antolatzen aritu diren Landarlan, EH Kolektiboa eta Euskal Jaia batzordeko kideek. 

Aurtengo berrikuntza nagusia da ez dituztela animaliak plazara jaitsiko eta horren ordez, plazako leku hori erabiliko dutela transmisio gune bezala. Haurrei zuzendutako jolasak prestatuko dituzte. 


Jatorria eta ekoizpena
Besteak beste, elikagaien jatorri eta ekoizpenaren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak eta hori dela eta Zer jan, hura izan esaerari zentzua ematen saiatuko dira aste honetarako antolatutako ekitaldien bidez. 
Aurten pandemia dela eta bertan behera utzi behar izan zuten bazkaria egingo dute igandean eta 615
79 44 03 (Izaskun) telefono zenbakira deituta eman daiteke izena. Jada 200 pertsona inguruk eman dute izena. Ondoren, herri kirol desafioa ikusi ahal izango; Urdax Magunazelaia eta Jokin Eizmendi harri jasotzaileak lehiatuko dira batetik, eta Irati Astondoa eta Nerea Arruti aizkolariak, bestetik. 

Herritarrei leiho eta balkoietan ikurrina jartzeko deia egin diete eta baita igandeko ekitaldietara baserritarrez jantzita ateratzekoa ere. 

Egitaraua

Urriak 5, asteazkena

  • 18:00. Zure platerean hasten da mundua dokumentala Mikelasagastin.

    Urriak 6, osteguna

  • 18:00. Nolakoa izango da gure etorkizuneko elikadura? solasaldia eta merienda, Plaza Berrian.


Urriak 7, ostirala

  • 17:30. Sarobe etxaldera bisita eta dastatzea, plazatik abiatuta.


Urriak 8, larunbata

  • 19:30. Gazkiñe eta Lamiak taldeen kontzertua, plazan.


Urriak 9, igandea

  • 10:00. Baserritarren eta artisauen azokaren irekiera plazan.
  • 12:00. Ekitaldia eta ardo dastatzea. Herriko txalapartariak eta Loatzo Musika Eskolako, Anitz Dantza Taldeko eta Kukuak Kantuz taldeetako kideek hartuko dute parte.
  • 14:00. Txekor jatea.
  • 18:00. Herri kirol desafioa: Urdax Magunazelaia eta Jokin Ezimendi harri jasotzaileak batetik, eta Irati Astondoa eta Nerea Arruti aizkolariak, bestetik.
  • 20:00. Erromeria Laja eta Alabierren eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!