Ezetza eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Anoetako herri sarreran biribilgunea jartzeko proposamenari

Ataria 2022ko irailaren 14a

Anoetako Udalak azterketarekin jarraitzeko eskatu du, bidegurutzeko segurtasuna hobetzeko moduak ikusteko.

Duela hilabete batzuk herri sarrerako bidegurutzean biribilgunea jartzeko aukera aztertzeko eskatu zion Anoetako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Azterketa teknikoa egin ondoren, Foru Aldundiak ezetza eman dio lotunea biribilgune bihurtzeko proposamenari.

Herri sarrerako bidegurutzearen egoera aztertuta, hainbat irtenbide aurreikusi ditu Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamenduak, baina horietako bat ere ez omen da bideragarria. Azaldu dutenez, aztergai izan duten tartean izandako istripu-tasa aldez aurretik ikertu ondoren, azken urteotan elkarguneko bide-segurtasuna ez omen da arriskuan jarri, zuzenean lotuta egon daitekeen istripu bat bakarrik gertatu dela-eta.

Hori dela medio, Aldundiak uste du biribilgune bat jartzeak ez lukeela handituko errepidearen segurtasun-tasa. Biribilgunea jartzeari ezetza eman arren, udalak azterketarekin jarraitzeko eskatu dio Foru Aldundiari, eta ikertzeko ea beste modurik ba ote den herri sarrerako bidegurutzeko segurtasuna hobetzeko.​

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!