Hamarretik zazpi elkarrizketa euskaraz dira Anoetako kaleetan

Ataria 2022ko uzt. 22a, 12:04

Euskararen erabilera %72koa da, 2001ean egin zen lehen neurketan baino 12 puntu altuagoa.

Hizkuntzen erabilerari buruzko neurketa egin du bosgarren aldiz herrian Soziolinguistika Klusterrak. Anoetako kalean entzuten diren elkarrizketen %72,6 dira euskaraz, %23,5 gaztelaniaz eta %3,9 beste hizkuntza batzuetan. 2001ean egin zen lehen neurketa, eta izan dira aldaketa batzuk ordutik: euskararen erabilera 12 puntu igo da, beste hizkuntza batzuen erabilera ere igo egin da; gaztelaniarena, berriz, jaitsi.

Kale neurketa iazko urrian egin zuen Soziolinguistika Klusterrak Anoetan, herriko kaleetan ibili ziren, paseoan, eta, jendea hizketan entzun ahala, datu hauek apuntatu zituzten aplikazioan: hiztunen sexua, adina eta zein hizkuntzatan ari ziren. Soziolinguistika Klusterrak jakinarazi duenez lagin handia bildu dute Anoetan: 813 solasaldi eta 2.404 solaskide.

Anoetan ez ezik, beste 93 udalerritan ere neurtu da kaleko erabilera, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak argitaratu ditu emaitzak. Oro har, 2017ko berbera izan da euskararen erabilera Uemako udalerrietan, baina bi aldeko txanpona erakutsi dute datuek: udalerririk euskaldunenetan, arnasguneetan, jaitsi egin da euskararen erabilera (Altzon edo Leaburun, adibidez); arnasgune ez diren herrietan, udalerri handiagoetan, igo (Anoetan eta Villabonan, adibidez).

Adinaren araberako aldeak

Erabilera adin taldearen arabera aztertuta, Euskal Herrian  zenbat eta gazteago, erabilera handiagoa dela nabarmendu dute emaitzek. Hori erabat betetzen da Anoetan: umeek (2-14 urte) dute erabilerarik handiena %87koa, gazteek (15-24 urte) %80koa eta heldu gazteak (25-39 urte) ondoren %75ekoa; heldu nagusietan (40-64 urte) eta adinekoetan (65 urtetik gora) askoz apalagoak dira ehuneko horiek. Bi adin talde horietan bitik batek egiten du euskaraz.

Adin talde bakoitzaren bilakaerari erreparatzen bazaio adin talde guztietan izan da gorako joera, umeen artean handiena. Bestalde, oso deigarritzat jo dute umeen presentziak helduen erabileran duen eragina. Umeak aurrean daudenean gehiago egiten da euskaraz, helduak soilik daudenean baino; 20 puntu egiten du gora erabilerak umeak presente badaude.

2016ko ezagutza datuen arabera, anoetarrek %72ak daki euskaraz, eta etxeko erabilera %43koa da. Udalak aipatu duenez, "datu horiekin alderatuta, Anoetako kaleetan euskararen erabilera ez da txikia". Kontuan hartu beharreko aldagaiak ere aipatu ditu udalak: "Gerta daiteke herriko bizilagun batzuk behatu ez izana, ez dutelako bizimodurik egiten herriko kaleetan, eta, aldi berean, gerta daiteke Anoetakoak ez diren herritar batzuk ere sartu izana neurketan, behaketa egiteko garaian herrian zebiltzalako (plazan, paseoan…). Anoetako kaleetan zenbat euskara entzuten den da neurtu dena, hizketan ari direnak anoetarrak edo bisitariak izan".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!