Anoetako jaiak 2022

Giro beroa jaien hasierako txupinazoan

Ataria 2022ko ekainaren 15a

Jende asko bildu da herriko plazan kukuari harrera egin eta jaien hasiera ospatzeko.

Bi urteko etenaren ostean, aurten, berriro ere, herriko festez gozatzeko aukera dute Anoetan. Aurreko asteburuan egin zituzten ekitaldietako batzuk. Ostiralean Anitz dantza taldearen emanaldia izan zen eta kuadrillek beren eguna ospatu zuten larunbatean. Igandean, besteak beste, bertso saioa egin zuten herriko elizan. Gaur, Kukua jaistearekin batera, herriko festen bigarren zatiari eman diote hasiera. Jaietako pregoia herriko merkatari eta ostalariek bota dute eta haiek piztu dute suziria, danborradan bildutako haurren oihu eta txaloen artean.

Anoetan festak aurrera eraman ahal izateko, lankidetzan jarduten dute jai batzordean herriko hainbat eragilek. Hauek dira udalarekin batera batzordean parte hartzen duten elkarteak: Alkartasuna erretiratu elkartea, Anitz dantza taldea, Anoetako eragileak, Guretzako jatorri ezberdinetako emakume taldea, Anoetako herri ikastola, Anoekate kirol taldea, Ateaga elkartea, Kukuak Kantuz, Kuku elkartea, Kuku pilota elkartea, Loatzo musika eskola, Su-Berri pilota elkartea eta udal pilota eskola.

Lau eguneko egitaraua

Bihar da Korputs eguna, jai egun handia Anoetan. Umeen eguna ere bada biharkoa eta haiekin pentsatuta antolatu dituzte ekitaldietako batzuk. Gainerako herri mugimenduen aldeko afaria egingo dute 21:00etan. Herriko eragileek antolatzen duten afaria da, eta udalak jai egitarau ofizialean sartu du. Mozorro eguna ere bada gaurkoa.

Etzitik aurrera, ekitaldi asko egingo dituzte Anoetan. Besteak beste, larunbatean Gazteen Eguna egingo dute eta afalostean haien dantza izango da plazan, 23:00etatik aurrera. Igandean, jai egitarauarekin amaitzeko, arratsaldean Frontona ikuskizuna eta Trikidantz erromeria taldea ariko dira. 21:00etan igoko dute kukua elizako kanpandorrera. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!