Herriko festetarako euren ekarpena egiteko mahai batean bildu dira Anoetako Gazte Asanblada, Sortu, EH Bildu, Ernai, Gazte Koordinadora Sozialista, Sare, Gure Esku eta Matraka talde feminista. Aurten, bi urteko etenaren ondoren, balio batzuen bueltan ardaztutako egitaraua prestatu dute, aldarrikapen eta konpromisoz osatutakoa.
«Nabari da bi urteko etenaren ondoren, ohitura batzuk galduta dauzkagula. Dena den, antolaketan hasi bezain pronto konturatu gara berehala hartu diogula martxa eta aurreko urte guztietan egindako ibilbidea ez dela alferrikakoa izan. Oinarri sendoa dugu Anoetan. Eragile ezberdinetan dabilen jendearen parte hartzea benetan eskertzekoa da», esan du Iratxe Olanok eragileen izenean.
Herriko eragileek parte hartzen dute udalak sustatzen duen festa batzordean, eta beraz, ezaguna dute jai egitarau ofiziala. Antolatzen dituzten ekintzekin, egitarau hori osatu eta aberastu egin nahi dutela esan du Ane Urkolak. «Saiatzen gara proposatutako ekitaldietan genero edo hizkuntzarekin lotutako irizpideak ezartzen, nahiz eta bizi garen jendartean bizi garen eta ez den erraza guk amestutako hori %100ean betetzea». Aurten, eta elikadura burujabetzaren aldeko aldarria praktikara ekarri eta lehenengo urrats gisa, Basabe artisau garagardoa dastatu ahal izango da txosnagunean.
Plaza txikian txosna bat, plaza handian beste bat, eta eraberritu duten plazaren aldameneko gunean karpa bat jarri dituzte eragileek. Olanok, beste behin, lanerako eta txandak egiteko jendeak agertu duen prestutasuna azpimarratu du. Egunotan, lanean, 180 lagunetik gora ariko dira.
Elkarren zaintza jarri dute erdigunean ardurak banatzerako orduan. «Saiatu gara eginbeharrak orekatzen, txanda ez oso luzeak antolatzen, adin batetik aurrerako jendea edo bestelako ardurak dituztenak goizaldera arte ez lanean mantentzen. Ondo pasarazi nahi dugu, baina guk ere ondo pasaz. Elkar zainduz uste dugu posible dela», aipatu du Olanok. Ikusezinak diren beste lan askori ere balioa eman nahi diotela gaineratu du Urkolak: «Herriko eragileen aldeko afaria oso jendetsua eta berezia izaten da. Gauean afaldu dezagun, batzuk arratsalde osoa eman behar dute letxuga garbitzen edo hurrengo egunean ontziak garbitzen. Lan horiek askotan isilean pasatzen dira eta ikusarazi nahi dugu beharrezkoa direla gero ekitaldiak ondo atera daitezen». 350 lagun inguru bilduko dira herri mugimenduen aldeko afarian.
ESPAZIO ASKE ETA SEGURUA
Bi urteko etenaren ondoren, belaunaldi berriak batuko dira herriko festez gozatzera eta baita antolaketara ere. Gaztetxean pare bat belaunaldi sartu dira bi urteotan, sekula txanda bat egin gabea dutenak txosnan. «Haiek trebatzeko tailer txiki bat prestatu dugu, oinarrizkoena jakin dezaten eta bakarrik sentitu ez daitezen. Bide hori ere, aurreko belaunaldiez lagunduta egin dezaten».
Gazteei eta oro har herritar guztiei begira prestatu dute eragileek jai egitaraua eta ahalegin berezia egin dute musika taldeak aukeratzerako orduan aniztasuna bermatzen. «Estilo guztiak kontuan hartzen saiatu gara», aipatu dute. Antolatutako kontzertuak karpako oholtzan izango dira.
Olano eta Urkola Matraka talde feministako kideak dira, eta azpimarratu dute, eragileek kudeatzen duten gunea, eraso matxistarik gabeko gune segurua izateko bermeak jarriko dituztela. «Ez dugu eraso matxista, homofobo, lesbofobo, transfobo edo arrazistarik onartuko».
Asteburu honetan abiatuko da jai egitarau ofiziala Anoetan. Anitz dantza taldeak emanaldia eskainiko du ostiralean eta Kuadrillen eguna izango da larunbatean. Igandean, berriz, bertso saioa, eta ondoren, musika, bertso eta dantza emanaldia egingo dute. Asteburu honetarako eragileek ekitaldi berezirik antolatu ez arren, txosnagunea zabalik izango da eta bertara azaltzeko gonbidapena egin dute antolatzaileek.