Anoetako Udalak, Matraka talde feministak eta herriko hainbat eragilek iragarri dute aurtengo herriko festetan indarkeria matxista prebenitzeko eta honi aurre egiteko protokoloa jarriko dutela martxan. «Jai giroan eraso matxistak eragozteko tresnak martxan jartzea ezinbestekoa da», ohartarazi du Saioa Tolosa Berdintasun zinegotziak.
Protokoloaren bultzatzaileek esan dute jai giroa eta alkohola ez direla aitzakia eraso matxistak justifikatzeko eta azpimarratu dute jai gune seguruak sortzea denon ardura dela. Harago jo du Ane Urkola Matraka talde feministako kideak: «Denon ardura da eraso matxistei aurre egitea, baina bereziki, gizonei egiten dizuegu dei. Gizonen ardura da gu ez erasotzea eta jai guneetan erantzukizunez jokatu eta jarrera matxistak moztea».
INFORMAZIOA ESKURA
Egun hauetan kaleetan kartelak eta pankartak jarriko dituzte eta txosnetan eta tabernetan eskuorriak banatu, erasoren bat gertatuz gero zer egin behar den azalduz. Era berean Tolosak jakinarazi du herriko festetan pertsona batzuk besoko morea eramango dutela. «Erasoren bat ikusi edo jasan izanez gero, pertsona horiengana gerturatu ahal izango da, edo bestela txosnagunean ari direnengana». Festek irauten duten bitartean Anoetako erasoen aurkako batzorde bat egongo da martxan eta eguneko 24 ordutan piztuta egongo den telefono bat ere erabiliko dute. «Salaketaren bat egin nahi izanez gero, edo zerbait jakinarazi nahi izanez gero, 688 61 21 00 telefonoan jakinarazi ahal izango du jendeak».
Bi urteko etenaldiaren ondoren, emakumeek herriko festez aske gozatu nahi dutela azpimarratu dute talde feministako kideek, «ez kezkaz eta beldurrez». Jai gunea espazio segurua izatea exijitu dute. «Ez jaietan, ez inon, indarkeria matxistarik ez dugu onartuko eta erasoen aurrean autodefentsa feministarako deia luzatzen dugu».