Anoetako herri-bideen inbentarioa onartu dute

Ataria 2022ko eka. 2a, 12:41

Anoeta-Hernialde-Alkiza herri-bidea berreskuratu dute berriki

Aste honetan onartu dute behin-betiko inbentarioa, herritarren ekarpenak jaso ondoren. Joan den astean berreskuratu dute, adibidez, Anoeta-Hernialde-Alkiza herri-bidea.

Anoetako herri-bideen inbentarioaren behin-behineko proposamena irekita izan dute herritarrek azkeneko asteetan eta ekarpenak jaso ondoren aste honetan onartu dute behin-betikoa.

Pello Estanga alkatea asebeteta azaldu da herritarren erantzunarekin: “Gutuna jaso duten herritarren erdia etorri da behin-behineko proposamena ikustera; eta interesa duten seinale da hori”. Inbentarioa abiapuntua izango da, behin hori eginda, udalak tresna bat gehiago baitu herri-bideak ordenatzeko eta erabilera zein mantenua erabakitzeko.

Etorkizunera begira zabalik dago aukera bide berriak sortzeko, eta baita zaharrak berreskuratzeko ere; horren adibide da, urteetan galduta egon ondoren, joan den astean sasiak kenduta berreskuratu zuten Anoeta-Hernialde-Alkiza herri-bidea.

Zehaztasuna helburu

Lursailen geo-lokalizatzeko prozesua martxan jartzeko asmoa du Anoetako Udalak. Herri-bideen inbentarioa egitearekin batera, lurraldearen kudeaketarako tresna eraginkorra izango da herriko lursail guztien mugak geo-lokalizatzea. Hainbat onura ditu egitasmoak, kasurako, jabe bakoitzak lurraldearen mugak zehaztasunez ezagutzea, belaunaldi artean jakintzaren transmisioa bermatzea eta katastroa eguneratzea.

Lanketa egiteko esleipen prozesua martxan jarriko du udalak, eta horretarako 48.400 euroko inbertsioa egingo du. Era berean, lanketa egiteko 10.000 euroko diru laguntza jasoko du udalak Gipuzkoako Foru Aldunditik.​

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!