Basagaingo Burdin Aroko herrixkari buruzko liburua argitaratu dute

Ataria 2022ko mai. 27a, 07:56

2021eko auzolandegietako artxiboko irudia.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Arkeologia bildumaren azken alea aurkeztu dute, Anoetan dagoen Basagaingo Burdin Aroko herrixka gotortuari buruzkoa, hain zuzen.

Gipuzkoan egindako ikerketa arkeologikoen emaitzak erakusteko helburua duen Arkeologia bildumako azken alea Basagain herrixkari eskaini diote. Burdin Aroko indigenen herrixka gotortuan 1994 eta 2021 bitartean egindako arkeologia lanetan lortutako informaziorik garrantzitsuenak bildu dituzte liburuxkan. Eloisa Uribarri eta Xabier Peñalverrek osatu dute liburua.

Oria bailara kontrolatzen duen muino batean dagoen 2 hektareako herrixka horren hainbat alderdi bildu dituzte egileek eta esan dute harresia dela kokagunea hobeto definitzen duen elementuetako bat, perimetro osoan inguratua zegoelako eta bere defentsa errazten zuelako. Horma barruko eremuan, buztinezko eta zurezko hormak zituzten etxebizitzak aurkitu dituzte azken urteetan, estalkiari eusteko zutoin-egitura zutenak. 

Herrixka horretako biztanleek zerealari lotutako nekazaritza egiten zuten; horrela, artatxikia zen zereal ugariena, eta haren ondoren ezkandia (gari arkaiko mota bat). Abeltzaintzari dagokionez, arrasto ugarienak etxeko belarjaleei dagozkie. Hala ere, gaur arte Gipuzkoan aurkitu diren garai bereko beste herrixkekin alderatuta (Intxur, Albiztur-Tolosan, Belaku Beizaman, Murumendi Beasain-Itsasondon, Akutu Bidegoain-Errezilen, Buruntza Andoainen, Munoaundi Azkoitia-Azpeitian, Moru Elgoibarren, Santiagomendi Astigarragan, eta Murugain Arrasate-Aramaio-Aretxabaletan), herrixka honek ezaugarri berezi bat du; oso lotura estua duela burdinaren ekoizpenrekin. 

Gune horretan, kalitate oso oneko burdin-zainak daude (oligisto bikaina), duela gutxi arte galeria bidez ustiatzen zirenak.  Baliabide mineral horiekin batera, indusketa arkeologikoetan forja-zepen hondar ugari bildu dituzte, eta, inguruan, burdina landugabea lortzeko lanen ondoriozko zepategi handi bat aurkitu dute. Horri guztiari esker, ikerlariek ondorioztatu dutenez, «kokagunea aukeratzerakoan, funtsezko faktoreetako bat izan zen inguruan burdina-mineral asko egotea».

Liburuxka
Mari Jose Telleria Aldundiko Kulturako zuzendariak nabarmendu du benetan berezia dela aurkeztu den lana. Aipatutako liburukian azaldutako informazioen arabera, Basagaingo biztanleek erabilera eta funtzio desberdinak hartzeko ongi diseinatutako etxebizitzak eraiki zituzten, zerealak landu zituzten eta, horrez gain, askotariko abere azienda ere izan zuten. Ezagutzen eta menderatzen zuten burdina lortzeko teknika eta metal horrekin erremintak egiteko prozesua, eta deigarriena egiten zaiguna: distantzia oso luzeko merkataritza trukeak mantentzen zituzten, ehunka kilometrora zeuden lekuetatik zetozen luxuzko objektuak eskuratuz.  

Baina Basagainek beste azterketa-ildo berezi batzuk ere baditu, besteak beste beirazko bildumak. Oso pieza sofistikatuak berreskuratu dituzte, hala nola mota ezberdinetako besokoak eta baita ere lepokoen aleak ere, Europako beste kokagune garaikide batzuetan ere ezagutzen direnak.  Pieza horiek merkataritza trukeetatik datozela uste dute, baina posible da ere herrian bertan ale sinpleagoak ekoiztu izana, beira urtuaren hondar batzuek erakusten duten bezala.  

Eta horixe bera gertatzen da erretikulekin eta beste forma geometriko batzuekin grabatutako estelekin (orain arte 6 aurkitu ditutze). Oraindik ez dakite zein zen funtzioa, baina badirudi garai horretako ohitura orokorra zela penintsulako iparraldeko herrixketan.

Datei dagokienez, karbono-14 datazioak kontuan hartuta, herrixkaren hasierako fasea aroaren aurreko IV. mendean ezarri zen, eta okupatuta egongo zen erromatarren kolonizazioaren ondorenera arte, zeina, Gipuzkoan, Augusto enperadorearen garaian kokatzen baita, duela 2.000 urte. Berreskuratutako materialen artean brontzezko paparreko orratz edo fibula bat dago, baskoien zonan eredu arrunta zena, eta Iturissa izenarekin ezagutzen dena, Nafarroako aztarnategi horretan lehen aldiz aurkitu zelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!