Hauteskunde lan talde bat martxan jartzea erabaki du EH Bilduk

Ataria 2022ko maiatzaren 23a

Prozesuan herritar ororen iritzi eta ekarpenak jaso eta herri programa landuko du taldeak.

Hauteskunde prozesuari hasiera eman dio Anoetako EH Bilduk, maiatzaren 18an egindako herri batzar baten bitartez, eta hauteskunde lan talde bat martxan jartzea adostu du. Taldearen zeregina, prozesuaren gidaritza eta dinamizazioa egitea izango da, eta EH Bilduk aurkeztuko duen herri programa lantzea. Aldi berean, programa hori aurrera eramango duten pertsona zerrenda proposatuko du lan taldeak.

Prozesu honetan EH Bilduk herritar ororen iritzi eta ekarpenak jaso nahi dituzte, eta horiei bide emateko beharrezko mekanismoak martxan jarriko dituztela hitz eman dute. Herriko talde eta eragileekin harremanetan jarriko direla iragarri dute, legealdi honetan EH Bilduren lanarekiko iritzia ezagutu, harremana baloratu eta aurrerantzean ikusten dituzten beharrak identifikatzeko.

Bide batez, maiatzaren 27an eta 28an Iruñean egingo den Konferentzia Munizipalistaren berri eman du Anoetako EH Bilduk. "Euskal Errepublika ezkertiar, feminista eta justua eraikitzen ari gara herriz herri. Euskal Eredua egiten ari gara", esan dute. Aurreratu dutenez, Euskal Herrikoiez gain, Suitza, Txile, Danimarka, Irlanda, Katalunia eta Galiziako eledunak ere izango dira konferentzian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!