'Zuei' trikitixa Leire Zumeta eta Amaia Arzaren eskutik

Ataria 2022ko mai. 17a, 13:00

Leire Zumeta anoetarrak eta Amaia Arza añorgatarrak hirugarren egin dute Markinako III. Helduen trikitixa txapelketan.

Bost bikotek parte hartu zuten larunbatean Markinako III. Helduen trikitixa txapelketan, eta epaimahaiak horrela erabakita, Xabier Etxanizek eta Ainara Saizarrek irabazi zuten sariketa. 1.000 euroko saria eraman zuten etxera.  Soinu jotzaile azkoitiarrak eta pandero jotzaile aiarrak bigarrenez jantzi dute Markina-Xemeingo lehiaketako txapela, sariketaren lehen edizioan ere haiek izan baitziren txapeldun. Ohi modura, irabazleen doinuz amaitu zen txapelketa. Horren aurretik hitz batzuk esan zituen Etxanizek, lagunen eta etxekoen babesa eskertzeko, eta amari eskaini zion garaipena.

Etxanizek eta Saizarrek 758,5 puntu eskuratu zituzten. Haiengandik 49 puntura geratu ziren Andoni Oruesagasti eta Uxue Kerejeta (709,5) eta hirugarren sailkatuak Leire Zumeta anoetarra eta Amaia Arza añorgatarra izan ziren (673,5). Txapelketan eskaini zuten piezetako bat da Zuei trikitixa. "Hainbeste gustatu zitzaizkigun eta hain identifikatuta sentitzen garen hitzak Beñat Gaztelumendirenak dira", esan dute Zumetak eta Arzak. Bien seme-alabei eskaini diete trikitixa:

Nire sabel barrenean
Hartu zenuen aterpe
zure ostikotxoz zure
Taupadaz ninduzun bete
Erditze bat bere zauri
Bere odol eta neke
Zein gutxi eta zenbat den
Bederatzi hilabete
 
Bi izate bizi ginen
Gorputz baten esparruan
Gaur jaustean zure keinu
Eta hotsen amarruan
Galdezka hasten naiz zure
Larrua nire larruan
Ze mundu gordetzen duzun
Begitxo hoien barruan
 
Zenbat esnaera gauez
Ta zenbat lo ordu galdu
Zenbat esne zenbat goxo
Ta zenbat haragi malgu
Sentiarazten didazun
Honek neurririk ez al du
Kontatu nahi dizut baina 
Hitzez ezin dut azaldu
 
Gaur hots bat naizena bihar
Esango didazu ama
Etzi oinez ibiliko
Zara pasilotan barna
Etzidamu eskolara
Lagunak, jolasa, lana
Ta nigandik askatuko
Zara pixkana pixkana

 

Txapelketan laugarren sailkatuak Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña (648) izan ziren, eta bosgarrenak, Laja II. eta Lutxurdio.


 Bideoa: Ana Kristina Aramburu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!