Elkarrizketa

«Teknika behar den eta harri gehiago dagoen lekuetan hobeto moldatzen naiz»

Imanol Garcia Landa 2022ko mai. 17a, 11:59
Oihana Zubillaga, Segura-Zerain probako helmuga zeharkatzen. SAIOA ZUBILLAGA

Emaitza onak lortzen ari da aurten Oihana Zubillaga anoetarra. Dagoeneko lau mendi lasterketa irabazi ditu eta bitan bigarren izan da. Betidanik mendian ibiltzea gustatu izan zaio, eta orain, lehiatzean, bere burua gainditzea du helburu.

Denboraldi bikaina burutzen ari da Oihana Zubillaga (Anoeta, 1998) mendi lasterkaria. Arriaran, Leharrei, Segura-Zerain eta Adarra Trail probak irabazi ditu, eta Negu Trailen eta Loatzoko Igoeran bigarren izan da. Gainera, Goierriko Kopan lehen postuan dago.

Orain arteko denboraldi onena izaten ari al da?

Egia esan, bai. Aurten nahiko gustura nabil. Goierriko Kopa jarri nuen helburu bezala, eta oraingoz lasterketa horietan nabil, eta beste batzuetan ere bai.

Igandean Adarra Trail irabazi zenuen. Nola joan zen?

Oso pozik nago lehenengo postuarekin. Ez nuen espero lortzea. Hasieratik hirugarren nindoan Adarrako puntura arte, eta gertu nituen bi aurkariak. Beheraka aukera izan nuen beraiei pasatzeko, baina hala ere ez zidaten batere erraza jarri, segundo gutxira bukatu zuten eta. Beraz, justu-justu heldu ahal izan nion lasterketari. Ez zen gustukoen ibilbidea niretzako, pista eta asfalto zati dezente zituelako, baina azkenean ondo joan zaigu.

Horren aurretik Segura-Zerain probako lasterketa luzea irabazi zenuen.

Aurten egin dudan luzeena izan da, 25 kilometrokoa eta 1.700 metro aldapa gora. Gogotsu nengoen, gero T2T probari begira, zer moduz ikusten nuen neure burua jakiteko. Denbora aldetik-eta nahiko gustura geratu nintzen; bero egin zuen, eta pixka bat sufritzea tokatu zitzaigun.

Aurten egindako probei dagokionez, zein nabarmenduko zenuke?

Ondo ikusten zaren lasterketetan, zure burua gainditzeak motibatu egiten zaitu. Aurtengo lehenengoa Negu Trail izan da. Camp Base taldean egoteak neguan gehiago entrenatzera bultzatu nau, eta otsailera ondo iritsi ahal izan dut horri esker. Motibazio horrekin, eta lagunartearekin gehiago entrenatuz, hurrengo karrerak hobeto joan zaizkit.

Nolatan sartu zinen mendi lasterketetan?

2018an hasi nintzen lehen lasterketak egiten. Urte horretan oraindik areto futbolean aritzen nintzen, Anoetako taldean. Urte asko neramatzan eta ikusten nuen motibazioa galtzen ari nintzela. Mendian, oinez-eta beti aritu naiz, baina beste zerbait nahi nuen probatu. Justu urte horretan egin nuen Loatzoko Igoera, eta nire lehen maratoi erdia, Berakoa. Nire gurasoak betidanik mendian asko ibili dira, eta ni beraiekin asko ibili naiz; txikia nintzela nire osaba mendi lasterketetan ibiltzen zen eta ikustera joaten nintzen. Beraz, txikitatik jaso izan dut mendiko eta karreretako giro hori.

Orain mendi lasterketetan bakarrik ari al zara?

Osagarri moduan crossfitean hasi naiz, indar ariketak egiteko asmoz. Bakarrik egitea zailagoa da, eta horregatik sartu naiz horretan.

Asfaltoan korrika egitea gustatzen al zaizu?

Aurten gutxiago, baina bestela egin izan ditut San Silbestreak edo Donostian Udaberriko Lasterketa. Baina asfaltoa ez zait asko gustatzen, eta entrenatze aldera, niri buruari tarteka behartu egiten diot.

Entrenamenduak nola egiten dituzu?

Normalean etxe inguruan entrenatzen dut. Anoetan bizi naizenez, Hernio alde batean, Uzturre bestean, aukera pila bat dago. Astean behin behintzat saiatzen naiz asfaltoan korrika egiten, eta gero hori indar ariketak eginez osatzen. 2019an arazoak izan nituen lunbarretan, indar ariketak ez egiteagatik, eta aurten osagarri horrekin hobeto nabil. Asteburuetan aprobetxatzen dut mendira joateko, Camp Baseko lagun batzuekin. Astean zehar tarteren bat izanez gero, zailagoa bada ere, joaten naiz mendira, eta atseden hartzea ere beharrezkoa da.

Astean zenbat kilometro egiten dituzun kalkulatzekoa zara?

Ez naiz kilometro kopurua kontrolatzekoa. Nire aldetik aritzen naizenez, lanaren eta egunean eguneko gogoaren arabera egiten dut; ez dut obligazio zehatzik kopuru jakin bat egiteko. Saiatzen naiz bolumen gehiago sartzen, baina bestela gorputzari entzuten diot.

Sakrifizioa ere eskatzen du kirol horrek? Kilometroak egitea, aldapa gora eta behera ibiltzea...

Uste dut kirol sakrifikatua dela, baina motibazioak egiten du gustura ibiltzea. Negu aldera gehiago kostatzen zait, eguraldi txarrarengatik, eta burua gehiago behartzen dut. Baina eguraldi ona ateratzen denean, niri mendia asko gustatzen zaidanez, ez da sakrifizioa izaten; bestela ere gustura ibiliko nintzen mendian.

Gaur egun ez dituzu kilometro askoko lasterketak egiten.

Oraingoz gehienbat maratoi erdiak egiten ari naiz; distantzia horretan sentitzen naiz erosoen. Hamar kilometrokoak, adibidez, Loatzoko Igoera, oso azkarrak egiten zaizkit, maratoi erdiak egitera ohituta nagoenean. Ez dut baztertzen noizbait maratoi bat egitea, baina aurtengo helburuetan ez dago horrelakorik.

Nahiago dituzu korrika azkar egiten direnak, edo aldapatsuak eta teknikoagoak?

Gehiago gustatzen zaizkit teknikoagoak edo aldapatsuagoak. Ez naiz atletismotik etorritakoa, beti izan naiz mendizalea, eta mendian asko ibiltzekoa. Orain korrika gehiago entrenatu dut, baina aurretik, gero eta aldapa handiagoa orduan eta gusturago sentitzen nintzen, horretara nengoelako ohituta. Eta, mendian hainbeste ibiltzeagatik, teknikoki uste dut ondo moldatzen naizela; nire puntu indartsuena jaitsierak izaten dira. Asfalto asko duten lasterketak ez dira nire aldekoak, eta teknika behar den eta harri gehiago dagoen lekuetan hobeto moldatzen naiz.

Aurtengorako lasterketaren bat begiz jota baduzu?

Aurten erronka moduan jarri dut nire taldeko batekin Euskal Herria Mendi Erronka egitea. 67 kilometroko lasterketa bat da, erreleboka egiten dena: batek 32 kilometro egiten ditu eta besteak 34. Nire erronka hori da, orain arte 34 kilometroko lasterketa bat ez dudalako egin. Horren atzetik dator T2T, eta hori etxe ondoan izanik, beti ilusioa egiten du. Ondoren, Goierriko Kopa amaitzea izango da.

Iaz T2T proban hirugarren egin zenuen. Aurten zer helburu duzu hor?

Nire helburua beti izaten da nire burua gainditzea. Beti pozgarria da podiumean sartzea, baina nik bilatzen dudana da nire burua gainditzea eta gustura geratzea egindakoarekin. Gero podiuma etortzen bada, gustura, eta bestela ere bai. T2T proba ezaguna da, eta jende ezagun gehiago edo gutxiago etortzen da, eta aurten gustatuko litzaidake nire denbora jaistea. Aurten nire taldeko neska asko ateratzen gara, beraz lehiakortasun handia izango da.

Nola sartu zinen Camp Base taldean?

Taldean hautatzaile bat dago eta berak hautatzen du. Libre uzten digu nola entrenatu eta zer lasterketetan parte hartu, ez daukagu presiorik alde horretatik. Nik asko eskertzen dut taldean egoteko aukera, horri esker jende gehiago ezagutu dudalako, eta nire mailan dauden jendearekin entrenatzeko aukera dudalako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!