7.590 kilogramo hondakin bildu dituzte Anoetako inguruetatik

Ataria 2022ko mai. 12a, 15:01

Urzain taldeak hilero astebetez herriko inguruneak garbitu ondoren, neurriak hartuko ditu udalak: txakurren kakak biltzeko posteak jarri eta hondakin gehien bildu den herriko lau puntutan kartelak jarriko dituzte.

Anoetako Udalak duela urtebete herriko inguruneak garbitzeko hitzarmena sinatu zuen Urzain taldearekin. Hilero astebetez herriko inguruneak garbitu dituzte, eta urtebeteko probaldian, 7.590 kilogramo hondakin bildu dituzte Anoetako inguruetatik.

Pello Estanga alkateak kezka adierazi du egoeraren inguruan: “Ikusi da garbiketaren beharra benetakoa zela, eta oraindik, sentsibilizazioan zeregin handia dagoela”. Bide batez, garbiketa lanen garrantzia ere ekarri du gogora: “Beharrezkoa zen hondakin sakabanatu horiek biltzea tokiko eta itsasoko ekosistemak kaltetu ez ditzaten”.

Ingurunea garbi mantentzeko neurri eraginkor gehiago ere hartu ditu udalak. Batetik, txakurren kakak biltzeko posteak jarri ditu, jendea paseoan ibiltzen den inguruetan. Udalak aipatu duenez, garbiketetan ohartu ziren errekan txakur kaken poltsa asko agertzen zirela. Bestetik, hondakin gehien bildu den herriko lau puntutan kartelak jarriko dituzte jendeari ohartaraziz hondakinak botatzea debekatuta dagoela. Horrekin batera, herriko bi aisialdi eremutan ere jarriko dituzte kartelak gunea garbi mantentzeko.

Udal ordezkariek esan dute, jabetuta daudela lan bikoitza egiten segi behar dutela: "Batetik, inguruneak garbitzea; eta bestetik, jendearen kontzientzia piztea. Dena dela, urtebeteko probaldiak erakutsi du garbiketa saioak baliagarria izan direla, eta epe motzean pausoak emango dira zerbitzuarekin jarraitu ahal izateko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!