Anoetako herritarrak Ergoien auzoko aisialdi eremua diseinatuko dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 5a, 14:01

Parte hartze saio bakoitzeko ekarpenen ondorioak hurrengo saiorako abiapuntu izango dira, belaunaldi ezberdinen beharrak elkarrekin lotuz eta proposamenak uztartuz.

Anoetan parte hartze prozesua jarri dute martxan Ergoien auzoko aisialdi gunea diseinatzeko. Prozesuan herritar ororen parte hartzea bermatu nahi dute, eta horretarako, adinaren araberako lanketa bat prestatu dute katean lana eginez. Hau da, parte hartze-saio bakoitzeko ekarpenen ondorioak hurrengo saiorako abiapuntu izango dira, belaunaldi ezberdinen beharrak elkarrekin lotuz eta proposamenak uztartuz.

Anoetan Oinherri egitasmoaren bueltan Herri Hezitzailea filosofian sakontzeko asmoz herritar taldetxo bat martxan hasia da eta elkarlanean hainbat irizpide adostu dituzte eremurako proposatuko diren erabilera eta elementuei dagokionean. Besteak beste, jolas librea eta ez lehiakorra bultzatu nahi dituzte eremu horretan. Herritar taldearen arabera, espazio naturalaren izaera mantendu beharko du aisialdi eremuak, bertako natur balioak erdian jarrita; herritarren saretzea ahalbidetuko du, elkarbizitzarako espazioa izanik; adin eta baldintza desberdinak dituzten herritar ororentzat izango da; urte osorako zerbait izan behar du, urtaroek baldintzatu gabe; ura elementu garrantzitsua izango da bertan; gaur egun eremuak duen izaera eta erabilera aintzat hartuko dira, inguruko baserriekin elkarbizitza bermatuz; ez da muga artifizialik egongo; eta herriko puntu beltz bat bihurtzea ekidin beharko da. 

Saioak adinaren arabera

Irizpide horiei jarraituz, parte hartze prozesua jarriko dute martxan Anoetan. Adinaren araberako lanketa egiteko antolatu dituzte bilerak datozen asteetarako. Haurrak eta nerabeak ikastolan bilduko dira. Maiatzaren lehen astera arte ikastolako 2-16 urte bitarteko haur eta nerabeekin egingo dute lanketa ikastolan. Eremura gerturatu, hau aztertu eta ondoren eremurako erabilera eta elementu desberdinen proposamenak egingo dituzte.

Erretiratuak, berriz, maiatzaren 10ean, 10.00etan elkartuko dira. Erretiratuei dei egingo zaie haur eta nerabeen proposamenak entzun eta ondoren beraien proposamenak entzun eta jaso ahal izateko. Herriko gazteekin hitzordua, maiatzaren 17an jarri dute 17:30ean. Gazteei, aurretik haur, nerabe eta jubilatuekin landuriko proposamenak helaraziko zaizkie eta beraiek egiten dituzten proposamen berriak gehitu dizkiete aurretik jasotakoei.

Amaitzeko, herritar guztientzako saio irekia egingo dute maiatzaren 24an, 17:30ean. Anoetako Udalak bateraketa lan bat egingo du proposamen guztiak uztartuz eta azken saioan herritar guztiak eremurako proposatu diren erabilera eta elementuen gainean azken ekarpenak egin ahal izango dira

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!