Hondakinen lanketa berezi bat jarriko du martxan Anoetako Udalak

Ataria 2022ko api. 7a, 17:50

Herritarren kuboen erabilera aztertuko dute, eta apirilaren amaieran hasiko dira lanketarekin.

Atez ateko bilketaren gaur egungo egoera zehatz-mehatz ezagutzeko, irakurketarik ez duten kuboen arazoari konponbidea emateko eta sistema erabiltzen ari ez direnen artean parte hartzea sustatzeko lanketa berezi bat jarriko du martxan Anoetako Udalak. Bide batez, gaikako hondakinen bilketa %80ra gerturatu nahi dute eta gaikako bilketa indartzeko mekanismo berritzaileak bultzatu.

Anoetan atez ateko sistemarekin biltzen dituzte errefusa eta organikoa. Dena den udalak kezka agertu du lurrean behar bezala sailkatu gabe agertzen direlako zabor poltsak. Urte hauetan guztietan sentsibilizazio egitasmoak egin dituzten arren, udal ordezkariek esan dute lurrean hondakin asko pilatzen dela herriko zenbait gunetan.

Aitzol Esnaola Zubeldia Ingurumen zinegotziak azaldu du kanpaina berri honekin udalak pauso berri bat emango duela hondakinen bilketan: “Bizi dugun klima-larrialdiaren egoerak maila lokalean ere ekitea eskatzen du, eta baita ekonomia zirkularrean eta ekologikoan oinarritutako mekanismoak martxan jartzea ere”. Horrez gain, kanpaina eraginkorra izango delakoan dago Esnaola: “2013an hasi genuen bideari jarraipena emango dio egitasmo honek, eta espero dugu balioko duela bai gaikako bilketaren datuak hobetzeko, bai lurreko zabor poltsak desagerrarazteko”.

‘Kubo-klik’

Kubo-klik du izena kanpainak, eta lehen urratsa egoera aztertzea izango da. Galemys enpresak egingo du, eta apirilaren amaieran hasiko da. Herritarren kuboen irakurketak aztertuko dituzte, eta udalaren zein Tolosaldeko Mankomunitatearen datu baseak eguneratu. Azterketa ahalik eta zehatzena izateko asmoz, irakurketarik gabeko kuboen jabeekin harremanetan jarriko dira zergatia ezagutu eta irtenbidea bilatzeko asmoz. Kanpainaren amaieran, mekanismo berritzaileen oinarriak finkatu nahi dituzte gaikako bilketa datuak hobetzeko eta herria garbi mantentzeko. "Horrela, kuboen irakurketei kontrol zorrotzagoa emateko eta hondakinak biltzeko ezarritako sistema erabiltzen ez dutenei tasa garestiagoak kobratuko zaizkie. Izan ere, lurrean agertutako poltsa horiek bilketa gastuak handitzen dituzte eta gainera osasun eta ingurumen arazo dira herritarrentzat", esan dute udal ordezkariek. 

Anoetako Udalak 2013an jarri zuen hondakinak atez ate biltzeko sistema; ordura arte hondakinen bilketa datuak %20-30ekoak ziren. Atez ateko sistemarekin  hasitakoan datuak %75era igotzea lortu zuten. Ondoren, 2017an, sistema mistoa ezarri zuten eta, gaur egun, errefusa eta organikoa dira atez ate biltzen diren frakzioak; gaur egun ere, bataz beste, %75eko gaikako bilketa datuak ditugu. Herrian konposta bidez kudeatzen duten organiko kopurua gehitu behar zaio horri, izan ere, sortzen den organikoaren %27 herrian konpostatzen baita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!