Laxarbe inguruan aisialdi gune berria elkarlanean adosteko prozesua abiatuko dute

Ataria 2022ko martxoaren 23a

Apirilean jarri nahi dute martxan, eta ekainera bitarte irautea aurreikusi dute.

Anoetako Udalak parte hartze prozesu berri bat jarriko du martxan Laxarbe errekaren inguruan egin nahi den aisialdi eremu berria herritarrekin elkarlanean adosteko.

Gune berri hau egiteko Oinherri herri hezitzaileen sarearen oinarriak hartuko dituzte oinarri gisa. Horretarako, Anoetako herri hezitzaileen taldearekin adostu dituzte parte hartze prozesu honek eta guneak berak zer nolako ezaugarriak izan behar dituen. Biodibertsitatea ardatz izango duen gune natural bat sortzea da asmoa, ura ardatz izango duena, aurretik egin izan dituzten beste parte hartze prozesuetan urak presentzia izango duen gunea izatearen ideia atera baita; Beste ezaugarri batzuk ere aurreratu dituzte: jolas libreko gunea izatea; herriko adin-tarte ezberdinekoentzat erabilgarria eta sozializatzeko izango dena; eta genero begirada kontuan izanik, puntu beltzik izango ez duena..

Prozesua martxan apirilean jarri eta ekainera bitarte iraungo duela aurreikusi dute. Ikastolako ikasleak izango dira parte hartzen lehenak eta ondoren, hauek egindako proposamenen gainean egingo dituzte gainerako saioak; bat herriko gazteekin, bestea erretiratuekin eta azkena herritar guztientzat irekia izango dena.​

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!