Askotan esan da komunikabideek eragin handia dutela jendartearen ideologian, ikuspegian, mundua ikusteko eran, komunikabideek esaten digutela zein den egia absolutua, zein den munduaren ordenaren azalpena. Azken hilabeteetan argi gelditu zaigu zein den mendebaldekooi gehien eragiten digun gerra, garrantzia handiena duena, eta zeintzuk diren bihotza gehien kuzkurtzen diguten errefuxiatuak: begi urdindun ile horiak. Argi gelditu da ez dutela balio bera Afganistango, Siriako, Nigeriako, edota Senegalgo errefuxiatuek. Eta herrialde horretara ailegatu diren bonbak jaurti dituztenak ez dira, itxuraz, Putin bezain gizatxarrak.
Ez naiz geopolitikan aditua, eta ahaleginak egin arren, ez naiz gerra honetako letra txiki guztia ulertzeko gai, ñabardura, interes eta agente asko zeharkatzen baitira horrelako dimentsioa duen gerra batean. Gai honetan ere ikuspegi dikotomikoa gailendu nahi izan dute sare sozialetan: errusiazalea edo europazalea. Putinen aldekoa edo Zelenskyren aldekoa. Bata ala bestea.
Ñabardurak ñabardura, eta zalantzak zalantza, gerra honek begi bistan utzi duena prezioen gorakada da. Hedabideek beste behin erabili duten estrategia da shock-arena, prezioen etengabeko gorakadaz hitz eginez, herritarren jarrerak baldintzatu nahian. Komunikazioaren eta informazioaren aroan bizi gara, eta argi dago botereak beldurra erabil dezakeela gizartea nolabait manipulatzeko eta kontrolatzeko. Baten batek infoxikazioa (informazioa + intoxikazioa) terminoa ere erabili izan du hori izendatzeko. Zer esango dizuet honetaz bi urteko pandemiaren kudeaketaren ostean.
«Beldurra sartu digute gure herri eta hirietan faltako diren produktuez. Ez al da egoera hau herritarrak bertatik eta bertakoa kontsumitu dezaten bultzatzeko aukera baliatzeko momentua?»
Honek guztiak mahai gainean jarri duen beste gai bat burujabetzarena da, elikadura burujabetzarena, esaterako. Kazetariak ikusi ditugu handizkako saltzaileak elkarrizketatuz, Espainiako Estatuaren hegoaldetik datozen jakien prezioen gorakadaz hitz egiten, eta mahai gainean jarri du beste behin mundu globalizatu honetan beste herrialdeekiko dugun dependentzia. Beldurra sartu digute gure herri eta hirietan faltako diren produktuez. Ez al da egoera hau herritarrak bertatik eta bertakoa kontsumitu dezaten bultzatzeko aukera baliatzeko momentua? Agintariek horretarako neurriak hartzekoa?
Gerra egoera honetan honi buruz hitz egitea hutsala irudituko zaie agian batzuei, fribolitate handikoa. Gu geure buruaren jabe izateak, ordea, merkatu globalizatu honetatik ateratzeko aukerak eman ditzake, eta horrela, munduko gerrateak eragin ditzaketen interes geopolitikoetatik askatzekoa. Atera ditzagun atzaparrak munduko merkatu globalizatuetatik. Ukrainako errefuxiatuengatik, Saharakoengatik eta munduko beste edozein herrialdetik datozenengatik.