Herritarren ekarpenak kontuan hartuko ditu udalak

Ataria 2022ko martxoaren 17a

Udalak bilerak egin ditu herritarrekin herriko hainbat gunetako irisgarritasuna hobetzeko proiektuen inguruko iritzia jasotzeko. Ekarpenak jasota, hurrengo hilabeteetan amaituko dute aurreproiektua.

Irisgarritasuna hobetzeko lanak egin nahi ditu udalak herriko bi gunetan, hain zuzen, Isasti, Hozpel zein Etxaburu kaleetan eta Errotaldea auzoan. Proiektua martxan jarri aurretik, ordea, auzotarrek zein iritzi duten jakiteko bina bilera egin dituzte gune bakoitzeko herritarrekin. Lehen saioetan lanen nondik norakoak azaldu zituzten, eta iritzia jasotzeko galdetegia banatu; bigarrenetan, berriz, auzotarren ekarpenak jaso eta geratzen ziren zalantzak argitu zituzten. 

“Oso aberasgarriak izan dira auzotarrekin egindako bilerak. Irudipena dut jendeak zalantzak argitu dituela, eta sentitu duela kontuan hartu dela haien iritzia”, horrela hitz egin du Pello Estanga alkateak auzotarrekin egindako bileren inguruan.

Herritarren ekarpenak kontuan hartu ditu udalak, eta aurreikusten du datozen hilabeteetan amaituko dela lanen aurreproiektua. Behin hori eginda, asmoa du proiektua aurten lizitatzeko. Estangak azaldu du ez duela baztertzen beste bilera bat egiteko aukera: “Behar izango balitz, zabalik dago auzotarrekin beste bilera bat egiteko aukera”.

Anoetako Udalean dagoeneko ohitura bilakatu da edozein egitasmo martxan jarri aurretik herritarrekin biltzea. Azken bilera horien emaitzarekin ere pozik azaldu da alkatea, haren hitzetan, benetan "baliagarriak eta eraginkorrak" direlako. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!