Krokodiloak maite ditut, baina krokodiloen jarrera duten erasotzaileek ez dute lilurarik merezi. Piztia gosetiak antilope koitaduari eginiko erasoarekin aldera genezake Errusiak Ukrainan eginikoa.
Tamalez, gosariaren parte bilakatu zaizkigu Donetsk, Donbass eta Luhansk, zuzen idazteko bizpahiru aldiz begiratu behar izan arren. Dena den, ez dago Ukrainaraino jo beharrik inbasioaz hitz egiteko; gurea ez den hizkuntza baten inbasioa jasan baitzuen euskarak duela mende ugari, ezarian-ezarian, gugan sustraituta geratu dena, (ia) etxekotzat hartzeraino. Eta horixe da, hain zuzen, inbasioa bera baino kaltegarriagoa: euskarari baino aintzatespen edo gorespen handiagoa ematea beste edozein hizkuntzari.
Krokodiloak maite ditut, baina krokodiloen jarrera duten erasotzaileek ez dute lilurarik merezi. Piztia gosetiak antilope koitaduari eginiko erasoarekin aldera genezake Errusiak Ukranian eginikoa.
Gutxiespen horren lekuko argia da ETBn mundua gaztelaniaz konkistatzera joatea eta euskara baserrira zokoratzea, edo Goya sarietako ongietorri traketsa. Zer esanik ez, Nafarroako Gobernu ultra-aurrerakoi eta ultraezkertiarrak euskararekiko duen ezinikusiari dagokionez. Kolonizazio kultural eta mediatikoa gas toxikoaren antzera hedatzen da, guganaino iritsi da, baita aisialdian ere. Inauterietan, San Frantzisko kaleko karrozetan Farruko, Rauw Alejandro edo Salami Mandanga Style entzun zitekeen, San Frantziskoko edozein tabernatan entzun daitekeen gisan.
Politikari so eginez gero, euskal alderdien estrabismoa gero eta agerikoagoa da. Begi batekin Madrilera begira bizi dira, Hezkuntza Legea gero eta gehiago atzeratzen ari den bitartean. Epaitegietatik Hizkuntza-politikaren inguruko erabakien joera ikusirik, ez da aurreikusten su-etenik.
Hortaz, «Gerrari ez!» oihukatzen denean, zertaz ari gara? Ahulenaren, menderatuaren errenditzeaz eta menderatzailearekiko sumisioaz?
Meniarik ezean, hizkuntza-eskubideak laurgitzen jarraitzen duten bitartean, gerrari ezetz esan behar al zaio?