Elkarrizketa

«Osasungintzak ez du mekanismorik jartzen denok aukera berberak izateko»

Paraplegia egoeran dauden hiru pertsonari lehen egunetik zutik jarri eta zangoetako mugimendua berreskuratzea ahalbidetu dien teknika bat aurkeztu dute; ikerketak dituen mugen inguruan ohartarazi nahi izan du Anoetan bizi den bikoteak.

Bizkarrezur muineko lesioa duten pertsonei itxaropenaren ateak zabaldu dizkien ikerketa baten emaitzak aurkeztu zituzten duela aste batzuk Suitzan. Teknika berri horri esker lehenengo egunean zutitu eta ibiltzen has daitezke. Aurkikuntzak bizkarrezur muineko lesioak dituzten pertsonengan piztu dezakeen esperantza izan du hizpide ATARIA-k Anoetan bizi diren Josu Uzkudun Etxenagusia (Errezil, 1971) eta Marijo Askarai Sukuntzarekin (Tolosa, 1971). 2003tik bizi dira tetraplegiarekin.

Esperantza izpirik ematen al du azken aurkikuntza honek?

Josu Uzkudun: Esperantza, azken batean, azkena galtzen den gauza da. Baina egia esan behar da, oinak lurrean izan behar ditugu. Ez da kaleratzen den lehendabiziko albistea. Adibidez, 2011n AEBetan antzeko froga egin zuten, 2014an errepikatu zuten froga bera eta azkenengoa 2018an izan zen. Ordutik, ez da aurrerapausorik zabaldu. Agian ebakuntzak izango ziren, edo ez, ez dakit. Horren berririk ez daukagu. Honi buruz, ez zait ezer berria iruditzen. Beti positiboa da ikerketan aurrerapausoak ematea, eta hau aurrerapauso bat da. Baina esperantza esateko, ez zait iruditzen guri esperantza piztu behar zaigunik orain hau kaleratu delako.

Marijo Askarai: Josuren harira, berdintsu, hau gozoki bat ahoan sartzea eta dastatzea da. Baina kontuz, ez da irentsi behar. Berak esan duen bezala, ikerketak hainbat izan dira, AEBetan gehienbat, baina baita beste herrialde batzuetan ere. Begirada duela urte gutxi batzuetara botata, adibidez, Donostiako Patxi Salbidek Portugalen halako ebakuntza bat egin zuen, itxaropen argi hori eman ziguna. Nolabait, ahalmenak berreskuratzerik bazegoela izan zen mezua. Kasu horretan, paraplegian, ez gure kasua den tetraplegian. Paraplegiaren kasuan ez zen aurrerapen handirik lortu, Patxi Salbidek sentikortasun apur bat eta gerritik beherako organo batzuen kontrola lortu zuen. Baina, hori izan zen azken batean; denon eskura ez dagoen zerbait. Osasungintzak ez du mekanismorik jartzen guztiok aukera berberak izateko. Era pertsonal eta indibidualean egin behar duzu. Orduan, lehen esandakoa da; gozokia jarri eta irentsi ezinik. Alde ona? Ikerketak daudela ikustea, arlo horretan mugitzen den jendea dagoela ikustea. Halere, ezezkoan nago ni, gure estatuan bertan ez dagoelako horrelako aurrerabiderik. Alegia, Toledoko Paraplejicos ospitaleko errehabilitazio arloko buru den Angel Gilek adierazten duenez, ikerketa honek badu bideragarritasunik, baina pazienteekin kontuz hitz egin behar da eta oreka baten barruan barneratu behar dugu informazio hau, garrantzitsua eta arriskutsua baita. Tentuz ibili behar da.

Maila klinikoagoan, tratamendu horri dagokionez, desberdintasunak egon daitezke tetraplegiaren eta paraplegiaren artean?

Uzkudun: Ez dut uste. Azken batean, tetraplegia edo paraplegia izan, dagoen desberdintasun bakarra lesioaren altuera da. Tetraplegiaren kasuan, lesioa altuagoa da, eta paraplegiarenean, baxuagoa. Egon daitekeen desberdintasun bakarra konplexutasuna da. Ebakuntza konplexuagoa izan daiteke tetraplegiaren garaian. Baina gainontzean, ez dut uste ebakuntzan desberdintasun handirik egongo denik. Aukerak berdinak izango lirateke, nik uste.

Askarai: Nik, aldiz, desberdintasun handiagoa ikusten dut. Ez da berdina paraplegia edo tetraplegia ebakuntzari dagokionez, ahalmenak berreskuratzeko garaian aukerak txikiagoak baitira kasu batean. Tetraplegiaren lesioa altuagoa den heinean, hainbat ahalmen gehigarri ere berreskuratu behar dira. Hau da, mugikortasunaz gain, eskuak, ukondoak edo besagainak ere berreskuratu behar dira. Konplexuagoa eta zailagoa ikusten dut.

Tetraplegia zein paraplegia egoeran dauden pertsona gehienek gisa horietako tratamenduetarako sarbidea izan dezaketela uste duzue?

Uzkudun: Oso zaila iruditzen zait gaur egun kontua dagoen bezala. Denok genuke sarbidea, dirua izanez gero. Dena diru kontua da. Ordainduz gero, tetraplegia zein paraplegia izan, denok ahal izango genuke ebakuntza egin. Kontua dirua da, diruan dago gorabehera guztia.

Askarai: Horrelako ikerketak, azken finean, patenteaz baliatzen dira. Estatuek ikerketa horiek egiten dituztenean ez dituzte normaltasunez partekatzen, denak funts ekonomikoa baitu. Orduan, pertsona orok, edo pertsona normal orok, langile klaseak, ez luke inoiz aukerarik izango prozedura hori era normal batean egiteko. Osasungintzak bitarteko horiek denon eskura jartzen ez dituen artean, ez dago zereginik.

Zertan da gaur egungo osasun arreta eta etxez etxeko laguntza zerbitzua?

Uzkudun: Denok dakigun bezala, osasun arreta oso tristea da gaur egun daukagun egoeran, gabezia askorekin baitago. Etxez etxeko laguntzetan, berriz, murrizketak egin dizkigute. Geroz eta zailtasun gehiago ditugu horiek aurrera eramateko. Behar-beharrezkoa duguna ordaintzeko zailtasuna dugu, eta behartuta gaude behar dugun laguntza uztera.

Askarai: Osasungintzak momentu honetan gabeziak pairatzen ditu. Azpiegitura osagarririk gabe, denok jasan behar izan ditugu garai batean jasango ez genituzkeen egoerak. Denok bizi izan dugu, beraz, badakigu zer gertatzen den osasungintzan. Gure helburua izan behar da hori bideratzea eta borrokatzea onbidetik joan dadin, denok lehen arreta taxuz jaso dezagun behintzat. Etxez etxeko laguntzari buruz, guk, pertsonalki, argi eta garbi adierazten dugu ez dela nahikoa: egunero hiru orduko laguntza zerbitzua jasotzen dugu, eta zerbitzu horrek 2.040 euroko kostua du. Diru laguntzak horren zati bat hartzen du bere gain. Beraz, egoera horrek gugan dituen ondorioak ikusirik, udal zein foru aldundiko oinarrizko laguntzak murrizten ari direla jakinda eta gainkarga hori guregan jartzen dutenez, ez dago gure nahigabea beste era batean azaltzerik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!