Anjel Mari Peñagarikano omenduko du Athleticek

Ataria 2022ko ots. 19a, 12:59

Bertsolari anoetarrak Athletic Club Fundazioaren 2021eko Aintzatespen Saria jasoko du igande honetan, Bertso-derbian. 

Athletic Cluben balioak zabaltzen laguntzeagatik urtero ematen dio Aintzatespen Saria kultura eta kazetaritzako pertsona ospetsu bati. Bertsolari bati ematen zaion lehenengo aldia da. Ezaguna da bertso munduan Anjel Mari Peñagarikanoren athleticzaletasuna eta bertsotan ere baliatu izan du alderdi hori. San Mamesen ere bertsoa bota izan du partidua hasi aurretik, Andoni Egañarekin batera.

"Beste zale zuri-gorri asko bezala, Peñagarikano athleticzale egin zen beste gipuzkoar ospetsu baten irudiari esker: Jose Angel Iribar, Athletic Clubeko mito bizia. Hain zuzen ere, Txopok emango dio Peñagarikanori merezitako saria", aipatu du Athletic-ek. Omenaldia Bertso-derbiaren XVIII. edizioan egingo da, Zornotzako Zornotza Aretoan, igandean 12:00etan. Saioan parte hartuko du Peñagarikanok berak ere, talde zuri-gorriaren ordezkari gisa, Jone Uriarekin eta Aitor Etxebarriazarragarekin batera. Realeko ordezkari, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus ariko dira.

Harriduraz hartu du Peñagarikanok Athletic-eko deia: "Nik zer egin dut ba...". Poza ere handia izan da, ordea, bereziki oroigarria Iribarrek emango diola jakin duenean. Omenaldiaren harira, Gipuzkoako txapeldun ohiak azpimarratu du azken 30 urteotan futbola eta euskara elkarrengana asko hurbildu direla. Hori "oso positibotzat" jotzen du.

Ataria-ko bertso jaialdian Peñagarikanok botatako bertsoa:

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!