Garbitzaile elektrikoa eskuratu du Anoetako Udalak

Ataria 2022ko otsailaren 9a

Herria haztearekin batera kaleak garbitzeko lana handitu egin dela esan du udalak eta behar horri erantzuteko erosi dute garbitzaile elektrikoa.

Anoetako Udalak garbitzaile elektriko bat erosi du kaleko garbiketa lanak hobetzeko. Azken urteetan, herria hazten joan den heinean, handitu egin da kaleak garbitzeko lana, eta behar horri erantzuteko erosi dute garbitzailea. Udalak, guztira, 181.258 euroko inbertsioa egin du, eta hornidura Arrizabal Elkartea enpresari esleitu zaio.

Inbertsio horrekin ingurumenarekin duen konpromisoa berretsi nahi izan du udalak, izan ere, modu bikoitzean erantzuten die garbitzaileak lortu nahi diren helburuei: batetik, herriko kaleak modu eraginkorrago batean garbitzea ahalbidetuko du eta, horrela, zabor barreiatu kopurua jaitsiko da; bestetik, garbitzailea erabat elektrikoa izateak murriztu egiten du erregai fosilen erabilera eta jasangarriagoa da ingurugiroarekiko; zortzi eta hamar ordu arteko autonomia du.

Udalak esan du beretzat oso garrantzitsua dela klima larrialdiaren garai hauetan trantsizio ekologikorako ekimenak bultzatzea: "Proiektu eta neurri eraginkorrak bultzatzen ditugu, eta horietako bat da hau. Udalak ingurumena zaintzeko egin dituen egitasmoetako beste batzuk dira konposta-guneak berritzea, hileko osasuntsuaren inguruko kanpaina eta baratze-parkearen hedatzea".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!