Bertso eskolatik plazarako bidea errazteko saioak

Irati Saizar Artola 2022ko ots. 9a, 19:59

Tolosaldeko Bertso Eskolen Eguneko irudia, iaz, Zizurkilen.

'Plazara' ekimena abiatuko du ostiral honetan Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak; bertso eskolako ikasleek plazaz plaza dabiltzanekin abestuko dute.

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak Plazara ekimena jarri du martxan, eta bertsolari gazteen saioak hasi da antolatzen. Lehen saioa ostiral honetan izango da, Anoetako gaztetxean, 18:30etik aurrera. Kantuan ariko direnak Jon Mendiluze, Aratz Arzelus, Izar Zelarain, Alaia Martin eta Oihana Iguaran izango dira. Gai jartzaile lanetan, berriz, Iker Iriarte ariko da.

Bertso eskoletako gazteek plaza gehiagotan aritu direnekin elkarbanatuko dute oholtza. Oihana Iguaran bertsolariak esan duenez, berezitasun horrek "beste xarma bat" ematen dio saioari. "Beti izan dut aukera bertso eskolako kideak entzuteko, baina sekula ez dugu elkarrekin kantatu eta gogo handiz noa".

Izar Zelarain bertsolari gazteak dio "erronka handia" dela beraientzat horrelako saio batean parte hartzea: "Ez dugu inoiz maila handiagoa duten bertsolariekin abestu eta gainera, ez daukagu halako ohiturarik plazetan aritzeko". Izan ere, pandemiak ez die batere erraztu bide hori, Iguaranek esan duenez: "Gu bertso eskolatik kanpo lehen pausoak ematen hasi ginenean, Eskolarteko Txapelketa zen ia jendaurreko plaza bakarra eta gero zirkuitu bat izaten genuen saio informalagoekin, bertso poteoak edota gaztetxeetako saioekin, esaterako, eta, hain zuzen, horiek dira pandemiarekin erori direnak". Lehen murritza zen plaza "are murritzago" dagoela dio orain.

Zelarainentzat aldamenean Iguaran eta Martin izatea "lagungarria" izango dela dio. "Erreferente izan dira biak niretzat, eta errespetua ere ematen dit beraiekin abesteak, mailara ez egoteko beldur hori badudalako, baina, nik uste, beraien haria jarraituz errazago ariko garela". Iguaranek ere uste du errazagoa dela bertsolari onekin kantatzea: "Nik egun txarra dudanean badakit zailagoa dela nirekin kantatzea, eta zentzu horretan, gazteek bidea sentitzea nahiko nuke, eta aukera bat izatea". Gehitu du ilusioz bizi duela atzetik datozen gaztetxoen lana eta gogoa, eta Zelarainek baieztatu du gogoz dagoela ostiralerako.

Saioa "mimo handiz" antolatzen ari direla ere kontatu du Iguaranek, "plaza atsegin bat, espazio goxo bat izan dadin nahi dugu". Saiorako ez da gonbidapenik ez sarrerarik beharko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!