Euskalahaldun tailerra antolatu nahi du Iratxulo euskara taldeak

Ataria 2022ko ots. 7a, 13:45

Martxotik ekainera bitarte, sei saio egitea da euskara taldearen asmoa, hiru astean behin elkartuz. Esperientziak partekatu, zailtasunen berri eman eta ahalduntzeko tresnak eskuratu nahi dituzte ekimenarekin.

Anoetan euskalahalduntze talde bat sortzea proposatu du Iratxulo euskara taldeak. Martxotik ekainera, sei saio egin asmo dituzte, hiru astez behin elkartuz. Egindako hautu linguistikoarekin hiztuna eroso sentitzea da tailerraren helburua, eta horretarako, parte hartzaileek elkarren esperientziak partekatuko dituzte, elkarri izandako zailtasunen berri eman eta ahalduntzeko tresnak eskuratuko dituzte. Proposamen irekia egin du Iratxulok eta parte hartu nahi duten herritarren artean osatu eta finduko dute ekimena. Parte hartzeko interesa duten herritarrek iratxuloeuskarataldea@gmail.com helbidera mezu bat idatzi beharko dute.

Euskaldun gisa ahalduntzeko bidea egin nahi du Iratxulo euskara taldeak eta horretarako garrantzitsua iruditzen zaio euskaldunen estres linguistikoa murriztea. "Euskaldun eta euskaltzale kontzientziatu askok ez dugu euskaraz egiten nahi eta ahal dugun pertsona guztiekin, estres linguistikoa pairatzen dugulako. Pertsona euskaldun askok zalantza izaten dugu zenbait testuingurutan euskaraz edo gazteleraz egin behar dugun; euskaraz egitea gustatuko litzaiguke, baina hainbat arrazoiren ondorioz zalantzak izaten ditugu", aipatu dute euskara taldetik.

Honenbestez, estres linguistikoa pairatzen duten herritarrak bildu nahi dituzte Anoetan eta euren esperientziak partekatu martxotik ekainera bitartean egingo dituzte tailerretan. Aipatu dutenez helburua ez da eduki teorikoa ematea, taldekideek euren esperientziak kontatu ahal izateko espazioa sortzea baizik, bizi dituzten zalantza edo arazoak entzun eta horri aurre egiteko erabili daitezkeen erreminten berri emanez. Taldearengan konfiantza izatea beharrezkoa izango dela aipatu dute Iratxuloko kideek. Prozesua gidari batek lagunduko duela aurreratu dute: "Gidaria izango da eta ez aditua. Taldean txandak banatzea, esperientzietatik tiraka galderak egitea, taldean giro ona eta errespetua egon daitezela bermatzea izango da bere lana".

Iratxulo euskara taldeak aipatu duenez, parte hartzaile bakoitzak helburuak jarriko dizkio bere buruari. "Bidean ikusiko du norberak noraino iritsi eta zein marra ezin duen igaro. Helburua ez da euskaraz egin dezakegun leku guztietan euskaraz egitea, hiztun bakoitza hautu linguistikoarekin eroso sentitzea baizik".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!