Otsailean sartu gara, baina ez da gure otsaila. Geure buruaz eta besteenaz barre egiteko eta ordena hankaz gora jartzeko aukerarik ez dugu aurten ere. Hil honetako inauteriak, edo bertan behera, edo modu kontrolatuan ospatuko ditugu eskualdean eta inguruetan. Modu kontrolatuan, baina, ez dira inauteriak; deskafeinatua kafea ez den gisan, edota gaingabetua esne ez den gisan, nahiz eta guk hala izendatu. Datorren urtean...
Eta ez esan ordena hankaz gora jartzeko gogorik ez duzuela, arren! Zuen begiek, neureek bezala, salatzen zaituztete, telebistan Eusko Jaurlaritzako ordezkariak agertzen diren aldiro. Bada, aurten ere ez dugu izango ordena aldatzeko aukerarik. «Aukera» diot, horixe baita dugun bakarra, ilusioa edo itxaropen apur bat. Udal eta foru hauteskundeak datorren urteko maiatzean izango dira, eta Eusko Legebiltzarrekoak 2024an. Ordurako…
Otsailean sartu gara, baina ez da gure otsaila. Geure buruaz eta besteenaz barre egiteko eta ordena hankaz gora jartzeko aukerarik ez dugu aurten ere.
Bete gabeko promesekin, ospatu gabeko inauteriekin eta egungo ordenarekin jarraitu beharko dugu, beraz, beste urtebetez, eguneroko bizitzan bakarrik edota bikotearekin, familiarekin eta adiskide eta lagunekin partekatzen ditugun une ahaztezinek gainerakoa samurtzen lagunduko diguten esperoan.
Bi hilabete falta dira udaberria iristeko. Luzetsi diot neguari.