Basagaingo kobazuloa argitu dute

Leyre Carrasco 2022ko urt. 30a, 13:34

Hemeretzi 'bihotz berde' sartu dira goizean Basagaingo haitzuloan. Espeleologia eta historiaurrea landu, koba arakatu eta harrizko tresnak sortu dituzte, bertan. Datorren igandean, otsailaren 6an, bigarren saioa eskainiko dute.

Basagaingo kobazuloan izan dira gaurkoan Bihotz Berdeak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Kutxa Ekoguneak antolatutako ekimenean. Guztira, hemeretzi gaztetxok arakatu dute Anoeta inguruan dagoen kobazuloetako bat. 

Gidari eta maisu lanak egiten Oargi Mendi Elkarteko Urtzi Kalonjeren laguntza izan dute. Eta, espeleologia ez ezik, alderdi kulturala, antropologikoa eta arkeologikoa ere landu dute, eta horretarako, Jesus Tapia Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Saileko arkeologoaren laguntza izan dute. Gizakiek eta espezie desberdinetako animaliek kobazuloak nola okupatu zituzten azaldu eta Izotz Aroko eta historiaurreko bizimoduak nolakoak ziren kontatzearekin batera, antzinako teknikak erabiliz, harrizko tresnak sortu edota sua egin dute.

“Jende gehienak dokumental edo telebista saioetan ikusi izan du nahiko erraza ematen duela sua piztea, baina saio praktikoetan emaitzak bestelakoak izaten dira. Beraz, garai batean bezala kobazuelotan sua pizteko erabiltzen zituzten funtsezko teknikak nolakoak diren azaldu dizkiet; ez bakarrik sukaldatzeko edo berotzeko, baita argitasuna emateko ere”, azaldu du Tapiak.

Datorren igandean, otsailaren 6an, bigarren taldeko bihotz berdeekin bigarren saioa eskainiko dute Basagaingo kobazuloan.

Bihotz Berdeen etorkizuna balioan

“Gazteei futbola gustatzen bazaie erraza izango dute eskolatik kanpo kirol horretan jardutea. Naturzaleak, ordea, konturatu ginen natur arloko gauzak ikastera joateko taldetxorik ez zegoela, eta hori aldatzeko zerbait egin behar genuen”, kontatu du Kakun Orbegozo Bihotz Berdeak programako koordinatzaileak.

Modu horretan sortu zen Bihotz Berdeak programa. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Kutxa Ekoguneak 2020an abiatutako ekimena da, 12 eta 16 urte bitarteko gazte naturzaleei zuzenduta dago. "Gipuzkoan naturzale gazteen mugimendua sortzea, ikasi, gozatu eta arduraz jokatu dezaten, hori da helburua", azaldu dute.

Hileko azken igandean naturara hurbiltzeko saioak antolatu ohi dituzte, taldean eta bi gidariren laguntzarekin. Bata biologoa izaten da, eta landuko den gaian aditua den gonbidatua bestea –mikologoa, geologoa, botanikoa edota etnografoa–. Egitaraua osatzeko ostiralero proposamenak, irakurketak, bitxikeriak eta hausnarketarako ideiak eta iritziak bidali ohi zaizkie parte hartzaileei, interesa suspertu eta beraien arteko hartu-emana indartzeko.

Guztira, bi urteko iraupena izango duen ibilbidean murgiltzea proposatzen zaie, eta bukatzean, laguntza eta babesa eskaintzea da programa honen asmoa etorkizunean berauen zaletasun pertsonalak bideratzeko. “Beraien ibilbide autonomoak bilatzen saiatuko gara. Adibidez, beti sorbeltzen inguruan dabilen hogei urteko mutil bat ezagutzen dugu. Beraz, baten bati txoriak asko gustatzen bazaizkio, bihotz berde hori harekin bidaliko dugu berak ikasitakoa praktikan jarri eta gustuko duen esparru edo mundu hori sakonago ezagutu dezan”, azaldu du Orbegozok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!