Azkenaldian hotz sumatu dugu ingurua. Belardiak. Mendiak. Gorputza. Eta ez da Euskal Herriko eremu geografikoa zeharkatu duten tenperatura baxuengatik bakarrik izan. Hedabideetako berriek izoztu gaituzte behin baino gehiagotan. Hori da gaurkotasunaren garraiatzaile ibiltzearen bidesaria.
Ez digute alferrik esan ezin direla burua eta gorputza bananduta ulertu, eta horregatik, zaila egiten zait ondorengo hitzok kontu arrazionalez betetzea. Patriarkatuaz, sistema ekonomiko injustuaz, migrazioaz edo indarkeria matxistak erail duen lehen emakumeaz. Gure mundu anker eta krudel hau zeharkatzen duten injustiziez.
Heriotza gertu sumatzen dugunean ikasten dugu hori guztia erlatibizatzen. Lehentasunak markatzen. Bizitzako gauza garrantzitsuenen rankinga egiten. Bizitzen ikasten: «Bizi egin beharra zagon, edozein momentutan iritsi daiteke-eta akabera» mantrari kasu egiten. Barneratzen. Praktikatzen jartzen. Ez da mantra hutsala, ukaezina baita bizitzak berarekin dakarrela heriotza. Hori dela bizitzen hastearen ordaina: noizbait amaituko denaren jakitun izatea. Hainbat filosofok nabarmendu duten gisan, «heriotza saihestu nahi izatea errealitateari uko egitea baita, ez dagoelako heriotza baino gauza egiazkoagorik».
Azkenaldian hotz sumatu dugu ingurua. Belardiak. Mendiak. Gorputza. Eta ez da Euskal Herriko eremu geografikoa zeharkatu duten tenperatura baxuengatik bakarrik izan. Hedabideetako berriek izoztu gaituzte behin baino gehiagotan.
Nerea Ibarzabalen hitzak neure eginez, ordea, eta mantra horiek etengabe barneratzen saiatu arren, «konturatzen naiz ezetz, heriotzak gutxitan harrapatuko nauela prest». Are gutxiago espero eta desio baino lehenago heltzen denean. Ustekabean iristen denean. Eta horrek beti dakar mina, tristura, hutsunea; Anarik kantatzen duen legez, hutsunea nabaritzen dugun arte ez dugulako jakiten zenbat gauza kabitzen diren horrelako hutsune batean. Agian hori da dolua, hutsune hori betiko estaltzea. Edo ez; beharbada kontua da hutsune hori betetzea. Edo betetzen ikastea. Edo agian hutsune horrekin bizitzen ikastea. Hutsune horrek eragiten duen minarekin bizitzea, ahalik eta gutxien sufrituz.
Julio Sotok kantatu zigun behin, «nahiz eta gertatu gozatzea bezalaxe sufritzea, ondoan norbait sortzea, ondoan norbait hiltzea, bere poz eta bere min, ederra dela bizitzea». Betirako argia izan dadila.