Isasti, Etxaburu eta Hozpel kaleetako bizilagunekin bilduko da udala

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 12a, 13:25

Ostegunean egingo dute bilera 18:00etan udaletxean, irisgarritasuna hobetzeko proiektuaren inguruan hitz egiteko.

Isasti, Hozpel eta Etxaburu kaleetako herritarrekin irisgarritasuna hobetzeko proiektuaren inguruan hitz egiteko bilduko da Anoetako Udala, ostegunean, 18:00etan udaletxean. Udaleko ordezkariek esan dutenez, bileraren helburuetako bat da bizilagunei xehetasunez azaltzea haien kaleetako irisgarritasun proiektuaren proposamena. Behin proposamenaren ezaugarriak eta xehetasunak azalduta, herritarrek aukera izango dute euren iritziak, zalantzak zein ekarpenak aurkezteko.

Bilera horrekin Anoetako Udalak parte hartze prozesua jarriko du martxan, Aztiker Soziologia Ikergunearekin batera gidatuko duena. Osteguneko bilkuran izango dira Pello Estanga alkatea, udal teknikariak eta Aztikerreko langileak. Irisgarritasuna hobetzeko lanen aurre proiektua Endara enpresak egingo du, eta haien ordezkari bat ere joango da bilerara.

Estangak nabarmendu du garrantzitsua dela oso herritarren iritzia jakitea edozein proiektu martxan jarri aurretik: “Auzotarrekin bilduta euren iritzia jakin dezakegu eta hori kontuan hartuta diseinatu egingo dugu. Herritarrekin biltzea ohitura bihurtu du Anoetako Udalak, eta hori oso aberasgarria da guztiontzat”. Kale horietako bizilagunekin bi bilera egitea aurreikusten du alkateak: lehen saioan proiektua azalduko dute eta haren inguruan arituko dira, horrez gain, herritarrek aurrez prestatutako galdetegi bat ere jasoko dute, etxean erantzuteko; bigarren saioan, berriz, galdetegi hori abiapuntu hartuta jasoko dituzte ekarpenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!