ERREPORTAJEA

Hezteko, haztea behar

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko urt. 7a, 07:58
Joxe Ramon Urkizu, Anoetako Urkizu mintegian. J. ARTUTXA

Joxe Ramon Urkizuk hiru hamarkada daramatza Anoetako Urkizu mintegian lanean, mota guztietako landare eta zuhaitzak saltzen. Negua «urteko sasoi onena» izaten dela eta pandemiaren eraginik ez dutela jasan esan du; hala ere, sektoreak bestelako arazoak dituela aitortu du.

Anoetako Elbarren Bailaran dago Urkizu mintegia. Gipuzkoan geratzen diren bost mintegietako bat da; gainerakoak, Zarauzko Lurberry, Urnietako Urkiondo, Zegamako Arakama eta Ataungo Dorronsoro dira. «Otsailetik aurrera hiru soilik izango gara, Dorronsorok erretiroa hartuko baitu», aurreratu du Joxe Ramon Urkizuk. «Geroz eta konpetentzia txikiagoa dugu gure sektorean», gaineratu du.

Mintegiaren ardura darama Urkizuk, bere bikotearekin eta anaiarekin batera. Familiako negozioari jarraipena ematen ari dira. «Aita hasi zen lan honetan, duela ia 55 urte. Geldialdi bat izan zuen gero, eta 1980an hasi zen berriro». Duela 30 bat urte batu ziren bi semeak, eskolako ikasketak amaitu eta berehala. Familiako hiru senideez gain, hiru langile dituzte.

Fruta arbolak, koniferoak eta basoko landare autoktonoak saltzen dituzte. Azken horietan, produkziokoak (sekuoia eta kriptomeria) eta kontserbaziokoak (bertako haritza, pagoa, lizarra eta haritz amerikarra) sailkatzen dira. Kanpotik ekarritako zenbait landare ere saltzen dituzte. «Hazitik hasi eta mendian zein basoan landatu bitarteko tartean hazten ditugu, urtebete edo bi urteko epean», azaldu du Urkizuk.

Urtea bitan zatituta

Maiatzetik urria amaitu bitarteko sasoia izaten da lasaiena urkizutarrentzat. «Urte guztian zehar izaten dugu lana, baina epe honetan, ez gara telefonoaren menpe egoten. Edozein egunetan egin dezakegu jai, nahiz eta beste egun batean lan bikoitza egitea egokitu. Nahi bezala antolatzeko aukera izaten dugu».

Azarotik martxora bitarteko epea «oso bestelakoa» izaten dela dio. «Ez dakigu zein egunetan egin dezakegun jai, ezta noiz egingo dugun lan, eta telefonoaren menpe bizi gara. Erosleek ezin dute geldirik egon guregatik, eta beraz, euren egutegira moldatu behar izaten dugu. Elurra, kazkabarra edo euria egin, lanean aritzen gara, presiopean, egunean bertarako edo hurrengo egunerako egiten dizkigutelako eskaerak. Ondorioz, nagitasuna eragiten duen ofizioa da gurea».

Lehen, landare eta zuhaitz azoketan ere jartzen zituzten postuak; orain, baina, mintegia bera da salmenta puntu bakarra. Mintegira joaten diren erosle gehienak, ordea, 55 urtetik gorako herritarrak direla esan du. «Oso tarteka, gazteren bat etortzen da, baina sektore honetan ez dago transmisiorik. Baserritarren seme-alabak orain ez dira aitzurra hartuta mendira joaten». Baserritarrekin jarraituz, lanerako beste modu batzuk topatu dituztela esan du. «Ez dute euren kabuz landatzen; norbait kontratatzen dute horretarako. Langile horiek hona etortzen dira, landarea hartu, baserrira eraman, eta bertan landatzeko. Ondorioz, baserritarrekin lehen genuen kontaktu zuzen hori galtzen ari gara», nabarmendu du.

Nafarroako, Gipuzkoarako eta Bizkairako saltzen dituzte landareak, bai bertako partikularrentzat, baita administrazioentzat ere. «Mendi publikoetan, administrazioak zenbait landaketa egiten ditu; partikularrek, ordea, ez horrenbeste». Produktuei dagokionez, kriptomeria saltzen dute gehien. «Pinuaren gaitzak, ordea, aldaketa ekarri du. Ez dakigu zein espeziek irabaziko duen apustua, badirudielako sekuoiaren garaia helduko dela. Bertako haritzari edo pagoari dagokienez, zenbakiak bestelakoak dira. Oso gutxi saltzen dira».

Krisi ezberdinak

Pandemiak eragindako krisiak kalterik ez diela eragin adierazi du mintegiko arduradunak. «Jokoz kanpo egon gara beti, eta hala jarraitzen dugu. Pinuaren gaitza eta bere eboluzioa izan da gure krisialdi nagusiena. Mendiek izurrite handia jasan dute; hori dela eta, lur zati ugari bota behar izan dituzte, eta mendiak zikinduta utziz gero, urteen poderioz, galdutzat jotzen dira eta ezin izaten da bertan landatu. Bota berritan aldatzen da, edo bestela ez da aldatzen».

Mintegiko arduradunak, halaber, baditu bestelako buruhauste batzuk, belaunaldi aldaketari lotutakoak. «Guztiok dugu gustuko mendia, baina begiraleak izan nahi dugu, inork ez du lan aktiborik egin nahi. Gure belaunaldikoen seme-alabek ere ez dute ofizio honetan aritu nahi. Landaketan edo egurra mozten aritzen direnen %90 atzerritar langilea da; gaur egun, arduradun asko ere ez dira bertakoak.

Etorkizunari dagokionez, beltzuneak ikusten ditu zuriuneen ordez. «Lanerako modua da nire ustez arazo handiena. Ekonomikoki ez dago arazorik; lana izateko ez daukagu beldurrik, baina eskulanaren falta ikaragarria da. Inor ez dago prest, eta atzerritarrengatik ez balitz, akabo. Hamar urte barru, sektorea desagertu egingo denaren aurreikuspena dut», nabarmendu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!