Hileko osasuntsuaren aldeko kanpaina abiatu dute Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 15a, 09:59

300 kopa, 30 kulero eta 50 konpresa berrerabilgarri banatuko ditu udalak larunbatean herriko plazan

Anoetako Udalak hilekoa osasuntsu bizitzeko proiektua jarri du abian. Iaz hasi zen udala egitasmoa lantzen eta aurtengo aurrekontuan 12.000 euroko partida jaso zuen. Horietatik, 7.500 euro inguru erabili ditu kanpaina gauzatzeko. Besteak beste, 300 kopa banatuko ditu hilekoa duten herritarren artean, baita 30 kulero eta 50 konpresa berrerabilgarri ere. Larunbatean 12:00etatik 13:30era egingo dute banaketa Anoetako plazan.

Saioa Tolosa Parekidetasun zinegotziak «berritzailetzat» jo du ekimena: «Gizarteko ia gorputzen erdiek hilekoa izanagatik ere ezkutuko errealitatea da, hainbatetan tabu izateraino. Errealitate hau ezagutzea, zenbakitara ekartzea eta errealitateari buelta emateko alternatibak lantzea eta ezagutaraztea da kanpainaren helburua». Tolosak azpimarratu du gai honen lanketak udal politiketan parekidetasuna zeharkakotasunez lantzeko aukera eman diela. «Anoetako Udalak 2011. urtetik jasotzen du aholkularitza Berdinbideanetik, eta politika feministak garatzeko barne mailako nahiz herritarrekin egindako  hainbat formakuntza ekimenetan parte hartzen du».

Parekidetasun eta Ingurumen sailetatik gorputzen osasunaren eta ingurumenaren osasunaren arteko lotura landu dute. Erabili eta botatzeko hilekorako produktuek ingurumenean duten inpaktuaren berri eman du Maddi Sarasola Ingurumen teknikariak, baita produktu hauek pertsonen osasunean duten ondorioaren berri ere: «Erabili eta botatzeko produktuekin bakoitzak hilean 6 kilo hondakin sortzen dugu, munduko hondakinen %0,5. Ekimen honen bidez Zero Zabor filosofian sakondu eta ekonomia zirkularra praktikara ekartzeko aukera dugu».

Gizarte sailetik menstruazioarekin loturiko pobrezia lantzeko aukera izan dutela aipatu du Sarasolak. «Ohartu gara, elikagai bankuan umeentzako pixoihalak banatzen badira ere, ez dela hilekoarentzako produkturik banatzen. Kanpaina honek aukera ematen digu horri buelta emateko, eta justizia sozialaren bidean berrerabiltzeko produktuak guztion eskura jartzeko». Hirigintza sailarekin elkarlanean, komun bakoitzaren ondoan mangeratxoa jarri zutela ere aipatu dute teknikariek, herriko plazako komun publikoak berritu zirenean.

BANAKETA LARUNBATEAN

Ekimen hau aurrera ateratzeko Marigorri eta Menstrualmente Hablando elkarteen laguntza izan dutela aipatu du Tere Soto Kultura teknikariak. Eurak arduratu dira bai erakusketa antolatzeaz, baita egunotan egingo diren tailerrak dinamizatzeaz ere. Hilekorako produktu alternatiboak ezagutarazteko saioak izango dira, nola erabili behar diren azaltzeko. Horietako bat, Gaztelekuan egingo dute bertako erabiltzaileentzat, gaian sakontzen jarraitzeko aukera izan dezaten.  Larunbatean, banaketa egiten den unean egongo da aukera tailerretan izen emateko:

  • Abenduak 23, osteguna, 18:30-20:00 gela balioanitzean, euskaraz
  • Abenduak 28, asteartea, 18:30-20:00 gela balioanitzean, gaztelaniaz
  • Abenduak 28, asteartea, 18:30-20:00 gaztelekuan, gaztelekuko erabiltzaileentzat

Horrekin batera, udal liburutegian gaiari lotutako hainbat liburu eskuratu dituzte eta egunotan bertan ikusgai izango den erakusketa bisitatzearekin batera hartu ahal izango dira maileguan. Erakusketa, jakinarazi dutenez, urtarrilaren 14ra arte izango da ikusgai.

«Ahalegindu gara banatuko diren produktuen ingurumen irizpideak ahalik eta justuenak izan zitezen eta azpimarratu nahi dugu horrekin ere gustura geratu garela. Izan ere, banatuko diren kopak Bilbon ekoitziak dira, osasunarentzat egokiak diren silikonarekin, ia artisau eran eta kopa bakoitzaren energia ekoizpena 0,8 Kw/h-koa da. Bestalde, kuleroak Bartzelonan eginda daude gizarte-inklusio tailerretan, kotoi organikoarekin, eta konpresak, berriz, Asturiasen», esan du Sotok. Gaineratu du, konpresek 4 urteko iraupena dutela, kopek 10 urtekoa, eta kuleroak, berriz, 60 aldiz ere garbitu daitezkeela. Hizkuntza irizpideak ere hartu dituzte kontutan eta kopak ekoitzi dituen enpresari eskatuta, euskaraz egongo dira koparen erabilera orriak, baita katalanez, ingelesez eta gazteleraz ere.

Anoetako plazan etzi egingo dute banaketa 12:00etatik 13:30era. Pertsona bakoitzak gehienez beste pertsona batentzako produktuak hartzeko aukera izango du, bere izen-abizenak eta NANren zenbakia emanda. «Hasiera batean hilekorako kopak banatuko dira, eta kuleroak eta konpresak kopekin moldatzen ez direnen artean banatuko dira», gaineratu du Sotok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!