Gazterik gabe?

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2021ko aza. 27a, 20:58

Pandemiaren aurretik zetorren, baina pandemiak areagotu egin du kezka. Gure nerabe-gazteak euskara bazterrean uzten ari dira, alboratzen; beste hizkuntza batzuek, betikoek, hegemonikoek, gero eta esparru zabalagoa hartu duten euren bizitzan, harremanean, aisian. 

Kontsumitzen eta praktikatzen dituzten kontuetan erdarek gero eta leku gehiago dute. Ez da euskara guztiz baztertu dutela, beharrezkoa ere badutelako, bereziki, ikasketetan. Da euskara ez zaiela baliagarri euren bizitzako alor askotan, edo ez dela ezinbesteko. Kezka hori dokumentatuta dago, eskoletan egiten diren kanpo ebaluazio proben bitartez, edota hizkuntza ohiturei buruzko azterketen bitartez… belarriak adi jarri hutsez ere antzeman liteke.

Izan liteke orain arteko tresnek eta estrategiek jada ez dutela balio; izan liteke atzo arteko konpromisoak eta militantziak ere behera egin dutela; izan liteke aldaketa bizkorreko mundu berri honetara egokitzen ez dugula asmatu; izan liteke dena ikastolen eta eskolen esku utzi dugula eta gizartea erlaxatu egin dela, ohartu gabe, hizkuntza gutxitu izaten jarraitzen duela euskarak; egoera diglosikoak hor dirauela. 

Dena  gazteentzako, baina gazterik gabe? [...] Eurak jarri behar dira erdigunean, eurek egin behar dute urratsa  euskaldun  izatetik  euskaldun  aktibo izatera igaro daitezen.

Uste dut, dagoeneko denok ados gaudela hezkuntzatik bakarrik ezin dela egoera irauli. Euskalgintzak eta kulturgintzak ere esku-hartu behar dute, erakundeek esku-hartu behar duten moduan. Gizarteak, osotasunean, esku-hartu behar du.

Dena gazteentzako, baina gazterik gabe? Oker geundeke horrela ekingo bagenio. Gu izan gaitezke bidelagun, animatzaile, xaxatzaile, akuilu. Guk eskaini behar dizkiegu baliabideak, bitartekoak, azpiegiturak… Baina protagonistak eurek izan behar dute. Eurak jarri behar dira erdigunean, eurek egin behar dute urratsa euskaldun izatetik euskaldun aktibo izatera igaro daitezen, gero, euskaldun aktibo izatetik euskaldun aktibo eta konprometitu izatera irits daitezen. Guk gure garaian egin genuen bezalaxe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!