Anoetako herri-bideen sarea osatu dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 24a, 14:00

Conchi Uriarte nekazaritza ingeniariak hogei herri bide identifikatu ditu. Inbentarioaren behin-behineko proposamena urtarrilaren 3ra arte egongo da ikusgai Anoetako udaletxean.

Anoetako herri bideen inbentarioa osatu du Conchi Uriarte nekazaritza ingeniariak, eta behin-behineko proposamena aurkeztu du. Anoetako Udalak joan den martxoan jarri zuen abian prozesua, eta hainbat helburu zituen lanketak, horien artean, bide bakoitzari lege izaera propioa aitortzea eta horien erabilera arautzea.

Pello Estanga Anoetako alkateak nabarmendu du herriaren ondare baliotsua direla bideak: “Balio handiko kultur ondasuna dira herri bideak, izan ere, horietatik joan izan dira baserrietatik eta kanpoaldeko auzoetatik herrira. Hori dela eta, garrantzitsua eta beharrezkoa izan da bide horiei ofizialtasuna aitortzea eta lege izaera ematea”.

Inbentarioak lege balioa ematen die bide horiei, eta besteak beste, arautu egiten du noren eskumena diren mantenu lanak eta zein garraiobidek erabil ditzakeen. Guztira hogei herri bide identifikatu ditu Uriartek inbentarioan eta hainbat informazio-iturri erabili ditu horretarako: lehenik, herritarren ahozko lekukotzak bildu ditu; ondoren, berriz, informazio hori dokumentu ofizialetan kontrastatu du, kasurako, eskrituretan, eta Anoetako Udalaren zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistroetan.

Proposamena ikusgai

Behin-behineko proposamena urtarrilaren 3ra bitarte izango ikusgai da Anoetako udaletxean: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 13:00etara, hirugarren solairuko Ingurumen-bulegoan. Horrez gain, udala zuzenean jarri da harremanetan berrogei lur jaberekin eta alegazioak aurkezteko aukera eman die. Uriarterekin hitzordua jartzeko aukera ere zabaldu du, horretarako ezinbestekoa da aurretik ordua hartzea 943 65 12 00 telefonora deituz, edo ingurumena@anoeta.eus helbidera idatziz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!