BABESTUTAKO EDUKIA

Eskuz aldatuta, martxan da Lizarraga harategia

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 24a, 14:00
Lizarraga harategiko arduradun diren Jose Enrique Centeno ezkerrean eta Juan Ramon Lizarraga erdian.

Anoetako Juanjo harategia jabez aldatu da eta Juan Ramon Lizarraga eta Jose Enrique Centeno dira arduradun berriak; ostiralean zabaldu zuten eta «pozik» daude izandako harreragatik.

Urte mordo bat zabalik izan ostean, abuztuan itxi zuten Anoetako Juanjo harategia, eta pasa den ostiralean zabaldu zituen berriro ateak, nagusi berriekin. Leitzako Juan Ramon Lizarraga eta Jose Enrique Centeno dira arduradun berriak eta aurrerantzean, Lizarraga izena hartuko du Anoetako herriko plazako bigarren zenbakian dagoen harategiak.

Lizarraga harategiak Leitzan du jatorria, 110 urte inguru atzera eginda. Hirugarren belaunaldikoa da Juan Ramon Lizarraga, eta laugarren belaunaldiari eutsiko dio Jose Enrique Centenok. Izan ere, 90 urtez Leitzako plazan aritu dira haragia saltzen eta azken 15 urteak Leitzako Eroski barruan egin dituzte, bertako harategian. Jatetxea duen landa ostatu baten jabe ere badira Leitzan, Musunzar ostatuarena zehazki, eta horrez gain, sukalde bat dute, kozinatutako jakiak prestatzeko.

Harategi batek eskaintzen duen betiko aukeratik harago, prestatutako jakien eskaintza zabala dute Lizarragan. Esaterako, hanburgesetan kolore eta mota ezberdinekoak dituzte, haragi eta osagai ezberdinekin egindakoak: oilaskoa ziazerba freskoarekin, oilaskoa hutsik, indioilarra pikilloekin, txerria onddoekin, oilaskoa curry eta mostazarekin, txekorrarena eta txekorra Idiazabal gaztarekin.

Leitzan duten sukaldean prestatzen dituzte jakiak, gero Anoetara eramateko, eta luzea da zerrenda: broxetak, hegalak, haragi bolak, lasagna, txipiroiak, tripakiak, behi masaila saltsan, kroketak, san jakoboak, petxugak besamelarekin edota arrozesnea, beste gauza askoren artean.

Oilasko zein txerri saltxitxak ere bertan egiten dituzte eta egiten duten txistorra onenen artean lehiatutakoa da. 2013an, esaterako, Euskal Herriko txapelketan 3. saria lortu zuten Ordizian. Lizarragak azaldu duenez, txistorra Basatxerri haragiarekin egiten dute, eta «ez du kontserbagarririk ez deus, naturala da».

Bertakoaren alde

Bertako produktuari "garrantzi handia" ematen diote, eta horren adierazle da harategian dituzten haragi zein produktuen jatorria. Txekorraren kasuan, Aniztik, Baztandik ekartzen dute eta beti emeak hiltzen dituzte; txerri normalaz gain, Basatxerri saltzen dute; oilaskoak ere baserrikoak dira, eta esaterako, Aranburu arrautzak saltzen dituzte.

Odolki eta mondejuak Goierritik ekartzen dituzte: Olanoren odolkia eros daiteke eta Debaren mondejua. Gazta aukera ere zabala dute, Euskal Herri osokoak aurki daitezke, Urepeletik hasi, Irati, Idiazabal, Mahala eta Orexakoa adibidez. Harategiko apalak ere beteta dituzte, kontserbako produktu, pasta, txokolate, edari eta beste hainbat gauzekin.

IREKIERAREKIN GUSTURA

Anoetan izan duten harrerarekin "pozik" dagoela esan du Lizarragak. "Ea gai garen jendea kontentu mantentzeko", gehitu du.

Astelehenetik ostiralera goiz eta arratsaldez irekitzen dute, 08:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era. Larunbatetan, berriz, 08:00etatik 13:30era.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!