Irisgarritasuna hobetzeko lanen inguruko parte hartze prozesua egingo du udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 18a, 07:58

Anoetako Udalak Isasti eta Hozpel kaleetan eta Errotaldea auzoan inbertsioak egin nahi ditu eta aisialdi gune bat egokitu nahi du ikastola ondoan. Parte hartze prozesuak egingo ditu bizilagunekin, proiektuei buruz hitz egiteko.

Anoetako Udalak irisgarritasuna hobetzeko lanak egiteko asmoa du, Hozpel zein Etxaburu kaleetan eta Errotaldea auzoan. Proiektuan herritarren iritzia egon dadin parte hartze prozesuak egingo ditu auzotarrekin.

Edozein proiektu martxan jarri baino lehen Anoetako Udalak ohitura du herritarrekin biltzeko, eta, horrela, bere asmoak azaltzen dizkie auzokideei eta zuzenean jasotzen ditu euren ekarpenak. Datorren urtean herritarren beharrak asetzen jarraitzeko hainbat proiektu egin nahi ditu udalak, horien artean, herriko hainbat auzotan irisgarritasuna hobetzeko lanak egitea eta aisialdi-gune berri bat sortzea.

Egitasmo horien harira jarriko dituzte martxan parte hartze prozesuak Anoetako zenbait gunetan, hain zuzen, Isasti, Hozpel eta Etxaburu kaleetan eta Errotaldea auzoan. Plazako obrarekin batera, inbertsio handienetako bat bideratu nahi du udalak aipatutako proiektu horietara. Pello Estanga alkateak nabarmendu du "garrantzitsua" dela herritarren iritzia kontuan hartzea: “Edozein proiektu martxan jarri aurretik herritarrekin biltzea garrantzitsua da oso. Horrela euren iritzia jakin dezakegu eta hori kontuan hartuta diseinatu egitera goazena. Hori egitea ohitura bihurtu du Anoetako Udalak, eta oso aberasgarria da guztiontzat”.

Dena ondo bidean parte hartze prozesuak hilabete honetan jarriko dituzte martxan, eta gutxi gorabehera otsaila bitarte iraungo dute. Esan bezala, bi egitasmo landuko dituzte: Isasti, Hozpel eta Etxaburu kaleetan zein Errotaldea auzoan irisgarritasuna hobetzeko lanak egitea – eta bidez batez ur-horniduraren zein saneamenduaren hodiak berritzea–; eta ikastolaren eta Laxarbe errekaren artean aisialdi-gune berri bat egitea. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!