Zuri

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2021ko urr. 31a, 20:58

Zuri idatzi nahi nizkizun hitzok. Zuri, irakurle zein sasi idazle, besteontzako tarte bat hartzen duzulako, besteontzako ahalegina egin, zure mundua gure egin dezagun, eta instant batez, zure borrokak ere gure egin ditzagun.

Asteburuetako gosari patxadatsuagoan irakurtzen dut zure zutabea. Eta goizeko lasaitasuna garestiegia dudanetan, bestelako momentuetan irakurtzen zaitut: loak hartu ezin dudanean, lanerakoan noala arrapalada bizian, bazkal osteko kafe azkarrean, eta baita ezkaratzeko eskailerak igotzean ere, bero-bero zaudenean buzoitik atera berri. Irudika nazazu zutik kieto, ahoan hortzetako eskuila dudala, zuk esateko duzuna nire ahoko osasuna baina interesgarriagoa delako une horretan. Onar dezadan, gutxitan hartzen dut astia behar duzun denbora eskaintzeko, baina neure buruari esana diot beharrezkoa zaitudala irakurtzea, badaukazulako esateko zerbait eta partekatzea hobetsi duzuna. Ni bezala, bozgorailu txiki baten premia sentitzen duzulako batzuetan, eta idazteko abilezia berezirik izan gabe ere, ausartu zarelako burura datorkizuna papereratzea.

Orduan anestesiatzen naiz zure hitzekin, ateratzen nauzu nire ideien zurrunbilotik eta zurera naramazu, goxatzen nauzu, hiru minutuz bada ere.

Orain, egiak esaten hasita, ez dut gustukoa beti esan nahi didazuna. Beste batzuetan, ordea, hunkitzen nauzu, mundu oso bat ireki didazulako, eta edukiaz gain zure esateko moduak ere maitemindu nauelako. Eta orduan gertatzen da. Orduan anestesiatzen naiz zure hitzekin, ateratzen nauzu nire ideien zurrunbilotik eta zurera naramazu, goxatzen nauzu, hiru minutuz bada ere. Eta ederra da, benetan ederra.

Beharbada eskerrik asko sinple bat esateko ez da orri oso bat behar. Baina hainbeste merezi duzula iruditzen zait. Eta dudarik geratu bazaizu, hor doa berriz: eskerrik asko zuri, lagun ezezagun, nire mundu txikia aberasteagatik, eta eguneroko errutinari kolore apur bat emateagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!