Lurzati gehiago izango ditu baratze parkeak

Ataria 2021eko urriaren 20a

35 lurzati ditu egun Anoetako baratze parkeak; herritarren eskaerak aintzat hartuta, lur eremu berriak egokituko dituzte.

Gaur egun 35 lurzatik osatzen dute Anoetako baratze parkea eta guztiek dute erabiltzaile bat. Anoetako Udaletik esan dutenez, herritar gehiagok eskaera egin dute lurzati bat izateko eta, egun, itxaron zerrendan daude. Bada, eskaera horiek asetzeko udalak baratze parkea handitu eta lur eremu berriak egokituko ditu.

Udaletik azaldu dute baratze parkeak oso ondo funtzionatzen duela. «Erabiltzaileak oso gustura daude, lurrarekin harreman zuzena garatzeko balio du, eta herritarrek ere elkartasun eta lankidetza sare bat osatu dute haien artean», esan du Pello Estanga alkateak. Gogobeteta azaldu da egitasmoak duen jardunarekin zein norabidearekin, eta gogora ekarri ditu ekimenaren zenbait helburu: «besteak beste, garaiko produktuen sentsibilizazioa, nekazaritzaren gerturatzea, aisialdi aktiboa sustatzea eta ingurumenarekin harreman zuzena garatzea bilatzen dugu proiektuarekin».

Autokontsumoa eta baratzezaintza ekologikoa dira herriko baratze parkearen oinarriak. Kutxaren ekoguneko baratze parke sarearen barruan dago Anoetakoa ere, eta edozein unetan egin daiteke izen-ematea edo eskaera lur eremu bat izateko. 
Herriko baratze-parkean aukera dago lurra lantzeko tresneria partekatzeko; horrez gain, denetariko ikastaroak eta eskaintza bereziak ere antolatzen dituzte.   ​

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!