Ahalduntze Eskolan izena emateko epea zabaldu dute Anoetan

Ataria 2021eko urriaren 14a

Urriaren 20an amaituko da antolatutako hiru saioetan izena emateko epea; urriaren 19an, ipuin baten aurkezpena egingo dute

Anoetan Ahalduntze Eskola jarriko dute martxan eta bertan parte hartu nahi duten emakumeek izena emateko aukera izango dute urriaren 20ra bitartean. Horretarako, udal liburutegira gerturatu beharko dute edo mezu bat bidali, kultura@anoeta.eus helbidera.

Anoetako Udalak jakinarazi duenez, aurten hiru ikastaro antolatu dituzte. Irakurketa feminista saioak egingo dituzte eta Kattalin Miner idazle eta ekintzaile feministak gidatuko ditu. Azaroaren 23an, urtarrilaren 11n, martxoaren 15ean eta maiatzaren 17an egingo dituzte saioak, astearteetan, 18:30etik 20:30era. Parte hartu nahi dutenek bost euro ordaindu beharko dute.

Bestalde, urriaren 23tik azaroaren 28ra xilografia bidez sormena lantzeko tailerrak egingo dituzte. Larunbat goizetan izango dira saioak 10:00etatik 12:00etara eta parte hartzeko, aurrez, interesatuek 10 euro ordaindu beharko dute. Mindfulness ikastaro bat ere antolatu dute azaroaren 2tik abenduaren 17ra. Saioak egiteko bi txanda izango dituzte: asteazkenetan 10:30etik 12:00etara; edo ostiraletan, 17:30etik 19:00etara. Kasu honetan, parte hartzaileek 10 euro ordaindu beharko dute mindfulness ikastaroan izena emateko.

'BABESLEAK' IPUIN ILUSTRATUA

Ahalduntze Eskolaz gainera, urriaren 19an Babesleak izeneko helduentzako ipuin ilustratuaren aurkezpena egingo dute Anoetan, 18:30ean hasita.

Bederatzi emakume feministak bultzatutako proiektu kolektiboa da Babesleak. Kolorez jantzitako 40 orrialde baino gehiagotan jatorrizko herriek eta, bereziki, lurraren defentsan altxatzen diren emakumeek jasan beharreko jazarpenaren berri ematen dute. Anoetan Lolita Chavez Guatemalako ekintzaile ekologista eta feministak egingo ditu aurkezpen lanak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!