Harriaren inguruan ardaztuko dute Euskal Jaia

Jon Miranda Labaien 2021ko urr. 7a, 07:59

Anoetan XIV. Euskal Jaia egingo dute asteburuan; larunbatean harri ondarea ezagutzeko ibilbidea egingo dute, eta igandean azoka

Urtero bezala, Euskal Jai eguna ospatuko dute asteburuan Anoetan. Duela 14 urte hasi ziren egun hau antolatzen eta helburu berarekin jarraitzen dutela nabarmendu dute batzorde antolatzaileko kideek: «Euskal naziotasuna, kultura eta ingurumena uztartzea». Nortasuna hauspotzeaz gainera, jakintza eta tradizioak ezagutarazi nahi dituzte eta horretarako tokiko ekoizle eta artisauei plaza eskainiko diete. 25 postu jarriko dituzte igandean, herriko plazan, 10:00etatik 14:00etara.

Aurtengo gaia harria izango da, eta horrekin lotuta, herriko mugarri zein ondarea ezagutarazteko mendi ibilaldia egingo dute larunbat goizean. «Azkeneko urte eta erdian, ezarri zaizkigun neurriak direla eta, gure herriko mugak inoiz baino hobeto ezagutu ditugu eta konturatu gara bi tokitan mugarriak falta zaizkigula. Beraz, guk geuk egin eta bi puntu horietan jarriko ditugu larunbatean». Villabona eta Anoeta arteko mugan joango da bata eta Alkiza, Hernialde eta Anoetak bat egiten duten puntuan bestea. Larunbateko ibilaldian bi mugarri berriak bisitatuko dituzte, baita Zalberro izeneko parajean apirilean bistarazi zuten berreskuratutako mugarria ere. Zizurkilgo Hernandorena elkarteak egindako lanari esker azaldu zuten mugarri zaharra, Villabona, Zizurkil, Anoeta eta Asteasuren arteko puntuan.



Larunbatean 08:30ean plazatik abiatuko den 16 kilometroko ibilaldian mugarriaz gain, harlauzekin egindako itxiturak, bi karobi eta Basagaingo mina zuloak bisitatuko dituzte, baita Lasarben dagoen lixaputzua ere, garai batean arropak garbitzeko erabiltzen zutena. «Haurrentzat ibilaldi motzago bat prestatu dugu, 10:30ean abiatuko dena, eta herritarrek gidatuta, modu interpretatuagoan azalpenak emango zaizkie txikienei», esan dute Euskal Jai batzordeko kideek. Larunbateko egitaraua osatzeko, 19:00etan kontzertuak egingo dituzte: Habi eta Toc taldeen emanaldiak izango dira plazan.

AZOKAN 25 POSTU

Iganderako prestatu dituzte Euskal Jaiaren barruko ekitaldi nagusiak. Protagonismo berezia izango du baserritar eta artisauen azokak eta harriak ere izango du presentzia bertan. Anoetako Niko Castro harginak postua jarriko du eta bere lanaren erakustaldia egingo du goiz osoan zehar. Lehenengo aldia du Castrok baserritar eta artisauen azokan, baita oihalekin egindako lanak erakutsiko dituen Ainhoa Etxarri anoetarrak ere. Ekoizleen artean, Artamugarriko barazkiek lehenengo aldia izango dute azokan eta esperientzia luzeagoa duten Anoetako Sarobe baserrikoek ere hartuko dute parte, beren barazki eta esneki ekologikoekin.

«Azken urteetan bezala, ekoizpen ekologikoa lantzen duten ekoizleen aldeko apustua egin dugu. Beraz, herritarrei erosketak egiteko poltsa ekarri, eta inolako bitartekorik gabe, bertako postuetan erosteko deia egiten diegu». Guztira 25 postu jarriko dituzte azokan eta Urduñatik etorritako Arantzazu gozotegiak, esate baterako, tokiko lehengaiekin egindako jakiak ekarriko ditu. Artisau postuen artean, lehen aldia izango dute Luhei eta Artilezko hodeiak artisauek eta baita Villabonako Amluk ere. Eskualdeko Kaori faktoriak, Anoeta bertako Otero pilotagileak eta Tolosako Bidatz Sasianek izango dituzte postuak, baita Amezketako Eguzkileirek ere. «Baserritarren arteko gertutasuna bultzatu, produktuen ezagutzan sakondu eta kontsumo ohituretan eragiteko», azkeneko lau urteetako dinamikari eutsiko diote aurten ere Euskal Jai batzordeko kideek. Herriko saltokietan 13 bonu zozkatu dituzte, bakoitza 15 eurokoa, igandean herriko baserritarren postuetan gastatzeko.

Osasun egoerak baimentzen zuen neurrian iazkoan ere Anoetan eutsi zioten azokaren antolakuntzari. Garrantzitsua iruditu zitzaien apustua egitea: «Justu pandemiak gogor jo zituen bi sektore biltzen ditu Euskal Jaiak, kultura eta ekoizle eta artisauak. Azoka berrezartzea erabakitzen genuenean eragile horiek han egotea nahi bagenuen, momenturik zailenetan haiei babesa erakustea beharrezkoa ikusten genuen. Mugatuta, baino ez genion utzi azoka antolatzeari». Aurten, egoera normalizatzeko bidean, Euskal Jaia inguratuko duten ekitaldi gehiago izango dira, besteak beste, eguerdiko ekitaldiaren ostean ardo dastaketa egingo dute eta arratsaldean binakako pentatloi saioa izango dute plazan.

Igande eguerdian, norberak eramandako jakiekin bazkari herrikoia egingo dute eta Euskal Jai batzordeak jarriko ditu edaria, kafea eta kopa. 150 lagunek eman dute izena dagoeneko. Euskal Jaiaren antolatzaileek ikurrina balkoira atera eta baserritarrez jantzita Anoetako plazara gerturatzeko deia luzatu diete anoetarrei eta baita eskualdeko gainerako herritarrei ere.

EGITARAUA

Urriak 9, larunbata

08:30. Harri bidea. Herriko mugarri eta harri ondarea ezagutzeko ibilaldia. 16 kilometroko ibilaldi luzea egingo dute. Beranduago, 10:30ean, abiatuko da umeekin egiteko ibilaldia.

19:00. Habi eta Toc taldeen kontzertuak.

Urriak 10, igandea

10:00 - 14:00. Baserritar eta artisauen azoka.

12:00. Ekitaldi nagusia egingo dute plazan.

Ondoren. Ardo dastaketa.

14:00. Bazkaria norberak etxetik eramanda.

18:00. Binakako pentatloia. Lucia Orbe eta Iñaki Errazkin, Zelai III eta Zelai V-aren aurka.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!