Amaitu dute herriko plazako obraren lehen fasea

Ataria 2021eko irailaren 30a

Plazako bi eremuen arteko irisgarritasuna bermatzen du plaza berriak eta komun publikoak ere berritu dira, genero ikuspegia kontuan hartuta.

Martxoan hasi zituzten Anoetako herriko plaza berritzeko lanak, eta aste honetan amaitu dute lehen fasea. Horrela, atonduta geratu da espazio berria eta dagoeneko erabilgarri dute herritarrek. Eremu berriak aukera emango du denetariko ekitaldiak egiteko, besteak beste, plazako bi eremuen arteko irisgarritasuna bermatzen baitu. Gainera, komun publikoak ere berritu egin dira genero ikuspegia kontuan hartuta; horiek ere dagoeneko zabalik eta erabilgarri dituzte anoetarrek.

Udal ordezkarien esanetan aurrez ezarritako helburuak betetzen ari da obra: irisgarritasuna bermatzea eta espazio publikoak genero ikuspegia txertatuta izatea. Pello Estanga alkatea gogobeteta azaldu da obrarekin: “Parte hartze publiko bidez erabaki genuen plaza berritzea eta, orain, amaitu da lehen fasea. Inaugurazio ekitaldi ofizialik ez dugu egingo. Herritarrek aukeratu zuten proiektua eta horiek dira erabilerarekin plaza estreinatuko dutenak. Egitasmoa herritik sortu zenez, herriak erabiltzea da inauguraziorik egokiena”.

Lehen faseko lanak amaitu badira ere, plaza oraindik ez dago bukatuta. Bigarren epean estalki berdea jarriko diote, eta baita landaredia ere; gaur egun lur-eremuak diren tokietan zuhaitzak eta bestelako landareak jarriko dituzte. Estalkia jartzeari dagokionez, ezinbestean datorren urtean egitea aurreikusten dute; asmoa urte bukaeran egitea zen, baina tramiteak luzatu direla eta, zertxobait geroago jarriko dute estalkia. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!