Asteklimarekin bat egin du Anoetako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 23a, 12:01

Anoetak Udalak hainbat ekimen ditu martxan ingurugiroa zaintzeko eta haren garrantziaz herritarrak kontzientziatzeko.

Anoetako Udalak klima aldaketaren aurkako lehian duen ardura aintzat hartuta jarduera ezberdinak jarri ditu abian azken urteetan.

  • Tokiko elikadura: Bertakoa Bertatik ekimena jarri zuten martxan tokiko elikagaien kontsumoa bultzatu eta herriko ekoizpenari bultzada emateko. Aurten, kiroldegian, bertako elikagaiekin lan egingo duen sukalde-lantegi bat egingo dute, kontsumo ohitura berrietara egokituz, eramateko janaria prestatuko duena.
  • Natur ingurunea: 2021ean herriko erreka eta natur inguruneak garbitzen hasi dira, hilabetean astebetez. Sei hilabetetan 4.000 kilogramo inguru erretiratu dituzte erreka eta herriko basoetatik. Ingurumena zaintzeko hainbat proiektu ditu udalak ikastolarekin elkarlanean, horien artean, dagoeneko martxan dauden baso-eskolak eta 2020-2021 ikasturtean landutako Agenda 2030 dinamika. Garapen jasangarrirako 15. Helburuari jarraiki, basoen azterketarekin.
  • Energia: 201an hasi ziren kaleko argiteria kontsumo baxuko instalazioekin jartzen eta jada herriko eremu guztiak horrela dauzkate. 2019tik aurrerako udal eraikinen eta makinerien energia kontsumoak ari dira kontrolatzen. Datu hauek balio izan diete kontsumo handieneko guneak identifikatzeko eta etorkizuneko erronkak finkatzeko. 2020an kiroldegia eta ikastola hornitzeko plaka fotovoltaikoak jarri zituzten.
  • Hondakinak: 2013an hondakinak atez ate biltzen hasi ziren eta geroztik %73eko gaikako bilketa datuak dituzte (konposta kontuan izan gabe). Organikoaren %69,57 atez ate biltzen da, baina %30,4 herrian bertan konpostatzen da. Erosketa poltsa berrerabilgarriak banatu dituzte, herritarren artean plastikoaren erabilera murrizteko. Mahai-tresna berrerabilgarriak erabiltzen dituzte herriko ekitaldietan.
  • Anoetako Udalak uztailean eta abuztuan hondakinen bilketaren emaitzak eman ditu ezagutzera. Urte hasieran gaikako bilketa %65,20koa zen; uztailean eta abuztuan, berriz, hurrenez hurren, %77,08koa eta %79,25koa. Udalaren esanetan, errefusaren kopurua asko jaitsi da eta datuak "aspaldiko onenak" direla azpimarratu du. Errefusa martxo hasieratik atez ate biltzen ari dira Anoetan.

Datorren astean hasiko da Asteklima (Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea) eta horren barruan ere hainbat egitasmo antolatu ditu udalak, hain zuzen, bizikletak konpontzen ikasteko tailerra gazteentzat zein helduentzat, erakusketa klima aldaketari buruz eta ipuin kontaketa, zeinak hizpide izango dituen klima aldaketa eta energia.

Irailak 27-28. Liburutegian klima aldaketaren nondik norakoak herritarrei era errazean azalduko dien erakusketa. Azalpenak emango ditu bertan hezitzaile batek. 16:30etik 19:30era bisitatu ahal izango da erakusketa.

Irailak 30. Eraldaketarako kontuak ipuin kontaketa saioa, 6 urtetik gorako haurrentzat eta helduentzat. 17:30ean liburutegian izango da saioa.

Urriak 1. Bizikleta konpontzeko tailerra egingo dute 10-16 urte bitartekoentzat 17:30etik 18:45era plazan eta helduentzako 19:00etatik 20:00etara.

Ekimenetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, bai tailerretan, bai ipuin-kontaketan. Guztietan bete beharko dira segurtasun neurriak, eta erakusketak hezitzaile bat ere egongo da bisitan joaten direnak gidatzeko.  Izen emateko ingurumena@anoeta.eus helbidera idatzi beharko da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!