Irakin proiektuak irabazi du kiroldegiko sukaldeko lehiaketa

Jon Miranda Labaien 2021ko ira. 23a, 11:59

Elikagaiak prestatzeko, aurkezteko eta merkaturatzeko gunea kudeatuko du Iñigo Estanga buru duen taldeak Anoetan; urte amaierarako martxan izango da

Anoetako Udalak Abraham Olano kiroldegian egokitu nahi duen espazioaren kudeaketa lehiaketa publiko bidez esleitu du eta Iñigo Estanga Zubillagaren (Donostia, 1983) Irakin proiektua izan da onuraduna. Urte amaierarako sukaldea martxan izatea espero dute.

«Anoetan bizi gara eta egitasmo honekin gure ekarpena egin nahi diogu herriari, bertako parte aktibo izan nahi dugu. Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko zubi lana eginez irudikatzen dugu gure burua eta heziketa prozesuan elikadura osasuntsuari atea zabaldu nahi diogu», esan du Iñigo Estangak. Udalak ekonomia zirkularraren eta ekonomia ekologikoaren oinarriak bultzatzeko konpromisoa hartua du aspalditik eta praktika hori indartzen ari da azken aldian hainbat arlotan. Pello Estanga alkatearen iritzian, erronka horri erantzutera dator kiroldegian egokituko duten espazioa: «2018tik tokiko elikadura katea indartzeko kanpaina dugu martxan, tokiko elikadura katea indartzeko eta bertako elikagaiak ekoitzi, merkaturatu eta kontsumitzeko. Azken urteetako gizartearen bilakaerak itzalean eta gainbeheran jarri ditu tokiko elikagaien ekoizpena eta baita herriko merkataritza txikia ere».

Bertakoa Bertatik kanpainarekin bertako ekonomia bultzatu, paisaiari eutsi, ingurumena zaindu, herritarren osasuna hobetu eta euskal kultura zein nortasuna indartu nahi dituzte. «Produktu bakoitzaren atzean dauden pertsonen duintasuna bermatzeko modua da», esan du alkateak.

Helburu horiek praktikara eramateko tresna izango da Abraham Olano kiroldegian egokituko duten gunea, elikagaiak prestatzeko, aurkezteko eta merkaturatzeko espazioa. Iñigo Estangak «laborategi» gisa irudikatu du proiektua: «Elikagaiak bildu eta eraldatzeko tokia izango da. Ekoizleek euren produktuak saltzeko txoko bat izango dute eta sukaldean guk elikagai horiek eraldatuko eta salgai jarriko ditugu. Bertan ekoitzitakoa erregistratu, ontziratu eta banatzea da gure asmoa».

BALIOETAN OINARRITUTA

«Jaten duguna gara» esaldia ibili du ahotan Iñigo Estangak. «Oso argi dugu elikadurak gure ongizatean, osasunean eta heziketa prozesuan garrantzia duela». Elikadura, osasuna eta heziketak sortzen duten triangelua da Irakin proiektuaren oinarria, eta horretarako, ekoizle, kontsumitzaile eta eraldatzaileen arteko elkarlana da proposatzen dutena.

Udalak helburu horiek denak gauzatzeko baldintza tekniko zehatzak jarri ditu. Urte guztian zehar erabiltzen diren produktuen %60, 150 kilometroko erradioan ekoitzia izan beharko du. Helburua ehuneko hori handitzen joatea da. Bestalde, urte guztian zehar erabiltzen diren produktuen %10 eskualdeko elikagaiak izango dira eta lehengai bat baino gehiago duten elaborazioetan, gutxienez erabilitako osagaien erdia baino gehiago 150 kilometroko erradioan ekoitzitakoa izan beharko da.

Anoetako alkateak azpimarratu duenez, zeharkako onurak ere ekarriko dizkio espazioak herriari, «bertako ekonomia dibertsifikatu eta lan aukera berriak sortuko baititu». Iñigo Estangak herrian bertan eta familian kudeatu nahi du proiektua: «Urte askotako bilaketa prozesuan jasotako esperientzia, sentsazio eta ilusioei forma eman eta uste dut Irakin-en islatu dela guztia. Kezka, beldur eta oztopo asko gainditu ditugu eta orain apustua egin nahi dugu. Ogibide deitzen zaion hori bizimolde bihurtu nahi dugu».

Espazioa egokitzeko lanak hasiko ditu aurki udalak eta urte amaierarako jendearen bistara egongo den sukalde eta topaleku hau martxan egotea espero dute arduradunek.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!