Isun proposamena luzatu du Lan Ikuskaritzak Anoetako enpresa batentzat

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 6a, 14:25

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko arau-hauste oso larriagatik 40.986 euroko zigorra eskatu du Carnicas Goya enpresarentzat.

Gipuzkoako Lan eta Gizarte Segurantza Ikuskaritzak Anoetako Bentaldean dagoen Carnicas Goya enpresa zigortzea proposatu du, prebentzio arloko hainbat neurri ez-betetzeagatik. 40.986 euroko isuna proposatu du enpresarentzat.
 
Isun proposamenak, M.R.O. langilearen egoerarekin lotuta CCOO sindikatuak egindako salaketan du oinarria. 2007tik 2018ra arte egon da M.R.O. lanean Carnicas Goyan. "2018an, Gizarte Segurantzak lan istripuagatik ezintasun iraunkor osoa aitortu zion ohiko lanbidean jarduteko. Langileak mahuka birakaria hautsia du bi sorbaldetan, bere lanean kargak eskuz manipulatzeagatik. Batzuetan, 50 eta 100 kilo arteko pisua izan dezaketen piezak garraiatu behar izan ditu", esan du CCOO sindikatuak. "Lan baldintza horien ondorioz, hainbat ebakuntza kirurgiko egin dizkiote, eta baja medikoko hainbat aldi igaro ditu 2013tik. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak % 33tik gorako minusbaliotasun-maila aitortu dio, bai eta ezintasun iraunkor partziala ere". CCOOk salatu duenez langileak enpresan lanean jarraitu du ohiko lanbiderako ezintasun iraunkor osoa aitortu dioten arte.
 
Sindikatuak salatu duenez, Lan Ikuskaritzak egiaztatu ahal izan du Carnicas Goyak ez zuela prebentzio-neurririk hartu kargak eskuz manipulatzearen ondoriozko arriskuen aurrean, ez eta horien aurrean M.R.O langileak duen sentsibilitate bereziaren aurrean ere. "Era berean, enpresak ez du arrisku ergonomikoaren ebaluazio espezifikorik egin 2017ra arte, ezta arrisku ergonomikoei prebentzio-neurriei buruzko informaziorik eman 2018ra arte", dio CCOOk.
 
Aipatutako ez-betetze guztien ondorioz, CCOO  sindikatuak prebentzio-neurrien faltak eragindako prestazio guztien errekargua eskatu dio Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari. Erakunde horrek ebatzi du aipatutako errekargua %50ekoa izatea, Carnicas Goya enpresak ordaindu beharrekoa.
 
CCOOk M.R.O. langileak igaro duen "kalbarioa" salatu du, "bere osasuna etengabe okertu duten lan baldintzen eraginpean egon delako". Sindikatuak egoera horren errudun egin du enpresa, prebentzio neurririk ez hartzeagatik, "bere osasuna etengabe okertu duten lan baldintzen eraginpean egoteagatik". Sindikatuak salatu du ia urtebete eta bi hilabetez gaitasun kalifikazio okerrarekin eduki dutela langilea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!