Ikastaro eskaintza zabala egin dute Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 3a, 14:01

Ikasturte berrirako izen emateak egin daitezke kiroldegian eta liburutegian.

Anoetan 2021-2022 ikasturterako eskaintza egin dute. Egunotan egin beharko dira izen emateak.

Abraham Olano kiroldegia irailaren 9tik aurrera egongo da zabalik eta ate irekien jardunaldi bat egingo dute irailaren 27an. Aurtengoan ikastaro eskaintza egingo dute helduentzat eta haurrentzat. Tonifikazioa, cyclinga, zumba eta cross traininga izango dute helduek aukeran, eta gimnasia erritmikoa eta Goazen! dantza ikastaroa haurrek.

Anoetan erroldatutakoek irailaren 13tik 17ra eman dezakete izena, abonatuek irailaren 20tik 22ra eta gainerakoek irailaren 23tik 27ra, beti ere lehentasuna anoetarrek izango dutelarik. Ikastaroetan izena ematen duenari hiruhileko osoa kobratuko zaio eta ez zaio dirurik bueltatuko lehenago uzten badu. Ikastaroetan alta edo baja emateko, inprimakia bete behar da kiroldegian. Ahoz esatea ez da nahikoa izango. Inprimakiak buzoiaren ondoan daude. Inprimakia bete eta buzoian bota edota kiroldegiko harreran aurkeztu beharko dira.

Bestelako eskaintza

Anoetako Udalak bestelako ikastaroak ere eskainiko ditu aurten. Helduek yoga ikastaroan izena emateko aukera izango dute irailaren 13tik 22ra arte liburutegian edo posta elektronikoz kultura@anoeta.eus helbidean. Haurrek berriz, eskulan, zirku eta sukaldaritza ikastaroak izango dituzte aukeran eta liburutegira jo beharko dute izen ematera irailaren 13tik 17ra. Bestela, gazteria@anoeta.eus helbidean ere egin dezakete izen ematea.

Etxeko olioa berrerabiliz xaboi naturalak egiteko tailerra ere egingo dute baita ere, irailaren 25ean, doan 10:00etatik 13:00etara balio anitzeko gelan. Irailaren 13tik 22ra egin daiteke izen ematea liburutegian edo kultura@anoeta.eus helbidean.

Bide batez, beste pare bat hitzorduren berri eman du Anoetako Udalak:

  • Euskal Jaia antolatzeko bilera egingo da Anoetako udaletxean, irailaren 9an, 18:30etik aurrera;
  • Irailaren 11n, Burdin Aroko Basagain herrixkara bisita gidatua egingo da. 10:00etan plazan egingo dute hitzordua eta 10:45ean Basagainen. Han azalpenak entzuteko aukera izango da Aranzadi zientzia elkarteko Xabier Peñalverren eskutik. Izen emateak irailaren 6tik 10era egin beharko dira emailez kultura@anoeta.eus helbidean edo bestela herriko liburutegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!