GOGORATUZ

«Tolosako azokara orain jende gazte asko etortzen da»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abu. 18a, 07:59

Anoetako Mendigibel baserrian bizi dira Maria Teresa Jauregi eta Jexux Artola. Baserrian jaioak dira biak ala biak. Jauregi Aian eta Artola Anoetan bertan. Ezkonduz geroztik baserritik atera dute eguneroko ogia, eta egun, horrela jarraitzen dute. Aire libreko baratzeaz gain, lau berotegi dituzte. Sari ugari jasoak dituzte, eta bezeroekiko hartu-emana gustukoa dute. Momentu «on» asko paseak dira.

Lan gogortzat dute ogibidea. Hala ere, Artolak argi du gazteak animatu egingo lituzkeela baratzean lan egitera, baina txikitatik ohitu beharra daudela ikusten du. Jauregik gaineratu du: «hemen zortzi ordu pasata ez daukazu ezer».

Nola gogoratzen duzue zuen umetako baserria?

Maria Teresa Jauregi. Askotan esaten dut nik txikitan oso ondo pasatzen nuela. Gazteena nintzen, eta bi baserri ginen inguruan eta ondo moldatzen ginen. Bi baserrietan ibiltzen nintzen, eta errege magoak ere bietan izaten nituen. Baratzerik ez genuen, ganadua zegoen. Txikitatik tokatu zitzaidan lan egitea, garoa bildu-eta, orain egiten ez diren lan asko izaten ziren.

Jexux Artola. Ni Anoetako Mendigibel baserrian jaioa naiz eta hemen jarraitzen dut. Orduan ganadua izaten zen. Garia egiten zen, eta ogia etxean egiten zen. Ama zenak urte osoan ogia egiten zuen. Talo gutxi jandakoak gara gu. Gari asko izaten genuen. Niri ere txikitatik egokitu zitzaidan lan egitea. Arreba zaharrago bat banuen baina zortzi urterekin-edo hil zen, eta beraz, ni nintzen zaharrena eta mutila gainera; beste arreba errazago libratzen zen. Orduan, ganaduarekin egiten zen lana.

Ezkondu eta baserritik bizitzea erabaki zenuten.

Jauregi. Bai. Orduan esne behiak genituen, eta esnea kalean banatzen genuen. Anoetan bakarrik ibiltzen ginen, baina berehala hasi ginen baratzearekin ere. Herrian denda bat bazen eta bertara barazkiak eramaten genituen.

Noiz erabakitzen duzue baratzetik bizitzea?

Artola. Ziur esateko ez dakit, baina 42 bat urte edo izango dira berotegiak jarri genituela. Lehenago kanpo librean aritzen ginen, eta horrekin pezetak ikusten genituen. Baserrian zuk txekorra hazteko jartzen baduzu urtebete edo hamahiru hilabete pasa behar dituzu dirua ikusterako. Txerriak ere eduki izan ditugu. Baratzetik, berriz, dirua segituan ikusten duzu eta horrek poz handiagoa ematen du.

Hasieratik hasi zineten azokaz azoka?

Jauregi. Hasieran herriko dendara eramaten genituen, eta gerora hasi ginen azoketan. Aurrena Tolosara joaten hasi ginen.


Zenbat urte dira ?

Artola. Ordiziara joateari uztean omenaldia egin zioten berari, eta 42 urte egin zituen postua jartzen, eta lehenago hasi ginen.

Jauregi. Urte asko dira. Aurrena Tolosara eta gero Andoainera joaten hasi ginen, eta gerora hasi ginen Ordiziara joaten. Andoainera bi egunetan joaten ginen. Astean lau azoka izaten genituen.

Lan handia egin behar.

Jauregi. Bai, baina konpontzen ginen. Umeak ere artean etxean genituen eta laguntzen zuten.

Artola. Lan handia, baina adina ona. Herrigunean bizi gara, eta ez gure umeak direlako, baina oso ondo portatu zaizkigu.

Urte asko atzera egin duzue, baina zein barazki ziren lehen saltzen zenituztenak.

Jauregi. Letxuga batik bat. Udan letxuga eta lekak. Tomatea ere bai, baina beranduago izaten genuen, hasieran berotegirik ez genuen-eta. Udazken aldera azalorea ere bai, baina aza gehiena. Zerbak ere bai.

Urte guzti hauetan asko aldatu da baratzea?

Jauregi. Aldatu da zerbait, baina ez hainbeste. Badaude aldatu direnak, espinakak, romaneskoa, brokolia,... negukoak dira.

Artola. Orain aukera askoz ere gehiago dago.

Piperrik bazen?

Jauregi. Ez. Geroztikakoa da piperra. Piper txorizeroa eta piper morroa baziren, baina Ibarrako piperra gerozkoa da.

Hiru azoka ezagutu dituzue. Urte guzti horietan azoka bera ere asko aldatu al da?

Jauregi. Bai, asko aldatu da. Hala ere, orain jende gazte asko etortzen da. Orain baino jende gazte gutxiago etortzen dela egon dira azokak. Bereziki Tolosako azokara etortzen da jende gazte asko. Larunbata jai eguna da, eta Ordiziara-eta gutxiago joaten zen; amonak gehiago. Lanera joan behar, eta Andoainen ere berdin gertatzen zen.

Poztekoa izango da gazteak ikustea, ezta?

Jauregi. Larunbata izanez gero jende gazte asko ateratzen da merkatura. Produktu freskoa nahi duen jende asko dago orain.

Artola. Tolosan beti ondo saldu izan dugu.

Bezeroek begiratzen dute nolako produktuak dauden?

Artola. Bai. Guztiari begiratzen diote orain.

Jauregi. Badira begiratzen ez diotenak, baina prezioari ere begiratzen diote.

Postua jarri eta tratuan arituak zarete?

Jauregi. Noski. Eta orain ere eguerdiko hamabietan dabilena, merke salduko ote zaion begira egoten da. Bestela badaki barazkiak etxera eraman behar ditugula, eta horrelakoak oraindik badira; gutxiago dira, baina badira oraindik. Jende gaztea ez, baina amonak-eta bai.

Prezioaren kexarik izaten da.

Artola. Tolosa guretzat oso toki ona izan da; berezia, eta beti ondo saldu izan dugu.

Jauregi. Produktu berri bat hasten duzunean, esaterako, piperrak, hori merke ez dago eramaterik. Lehendabizikoak izaten dira, eta dirua horrekin hartu behar izaten dugu. Lekekin ere berdin gertatzen da.

Bezeroak ere jakin behar du hori ordaindu egin behar dela.

Jauregi. Bai, bezeroak ere badaki. Lehena bada badaki garestiagoa dela.

Artola. Baina nik uste dut askori ez zaiola dirua axola. Ilarra ere preziatua izaten da.

Jauregi. Aurrenekoa baduzu ilarra berezia da, eta ez diote prezioari begiratzen.

Artola. Piperra 12 euroan saldu genuen, eta badakit ez dela merkea, eta kosta egiten dela, baina gero erdi prezioan saldu behar dugu. Bost-sei euroan jarri behar duzu.

Azokara joan aurretik, ordea, baratzean izugarrizko lana egin beharra daukazue.

Jauregi. Bai, beharko. Ordu askoko lana da. Landatu eta barazki guztiei kasu egin behar diezu.

Eguneroko lana al da?

Jauregi. Bai, egunero begiratu behar diezu. Berotegian behintzat bai. Aire librean gutxiago. Ura falta duten edo ez. Horiek egarriak badaude segituan jartzen dira zimelduta.

Artola. Bestetik euria bada, kanpoan ezin duzu aritu, baina berotegian bai.

Baratze handia duzue, eta gainera berotegiak ere badituzue.

Artola. Bai. Lau berotegi ditugu. Ia bi mila metro koadro daude tapatuta.

Jauregi. Negu guztian berotegiko letxuga izaten dugu, baina jendea kanpoko letxugaren gogoz egoten da.

Larunbatero jartzen duzue Tolosan postua. Noiz hasten zarete barazkiak prestatzen?

Jauregi. Ezin da utzi azken egunerako eta ezin dira astean behin bildu. Piperrak, adibidez, txikiak bildu behar dira, bestela handiegiak egiten dira edota lekekin berdin. Astean bi egunetan gutxienez bildu egin behar dira.

Artola. Utziz gero, lekari alea egiten zaio. Giro ona bada segituan hazten zaie, eta bezeroa kexatu egiten da.



Urte sasoiaren arabera lan karga ezberdina duzue?

Artola. Lan gehien udaberrian izaten da. Landare asko landatu egin behar dituzu, eta kasu egin behar izaten zaie.

Seme-alaben laguntza eskertuko duzue, ezta?

Artola. Bai. Ez genuke eduki behar, baina ganadua pixka bat ere badugu. Zelaiak ditugu, eta aurrekoan alaba etorri zen laguntzera, eta gazteak beti ere lan gehiago egiten du.

Jauregi. Zelaiak ere garbi mantendu behar, eta gazteak lana errazago egiten du. Eta gogoarekin baldin bada gure aldean lan bikoitza egiten dute.

Nolakoa da zuen egunerokoa?

Jauregi. Ganadua orain kanpoan dago, baina neguan, aurrenetik ganaduari jaten eman. Zortziak aldera jaikitzen naiz. Gosaldu eta baratzera. Eguraldiaren arabera, kanpoan edo berotegian. Belarrak atera, urik baduten begiratu, behar dutenei eztakak jarri...

Artola. Orain ez naiz goiz jaikitzen. Baina beti dago zer egina. Lekak jarriz gero, haiek lotu egin behar dituzu, tomateek lan handiagoa dute,...

Goiz eta arratsalde aritzen zarete?

Artola. Normalean bai.

Jauregi. Barazkiak bukatzean lurrak garbitu ere egin behar dituzu, eta horrek ere lan handia du. Lurrari buelta eman eta berriz prest jarri behar izaten da.

Adinean aurrera, baina baserrian lanean jarraitzen duzue. Zer ematen dizue baserriak?

Jauregi. Honetara ohituta gaude. Gustatu egiten zait baratzea, eta nik ikaragarri ondo pasatzen dut. Entretenitu egiten naiz.

Artola. Hementxe jaio nintzen ni. Bera Zarautzen neskame lanetan ibilia da, baina ni ez naiz hemendik atera. Aukera izan dut, baina nire aita zenari fabrikara joateko konturik ez aipatu gero! Baserri handia genuen guk. Lagunek ere esaten zidaten paper fabrikan edo lanean hasteko, baina behin geratu nintzen eta gaur arte.

Gustura?

Artola. Lana egin eta pezetak etortzen ziren, baina lanean ondo arituta! Bion soldata ateratzeko lana egin behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!