ARITZIA. Ezezagun ezagunak

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Peñagarikano Irazusta 2021eko uztailaren 17a

Orixeren eskultura Orexan. I.G.L.

Sarritan galdetzen diot neure buruari, goizero katuei jana ematen diena edo garajean makilak egiten aritzen den gizona ikusten dudanean: «Zer izen ote du? Hemengoa al da? Euskaraz ba ote daki?».

Erantzuna, auskalo biribil batekin batera, sorbaldak altxatzea izan ohi da, nire axolagabekeriaren lekuko gupidagabea. Gure egunerokotasunaren parte diren arren, nik bederen, agurtzeko bekain-kolpe bat baino ez diet eskaini herriko ezezagun ezagunei; nahiz eta betidanik hor egon, ahots eta izenik jakin gabe. Egia esan, badira herrikideak baino samurrago tratatu ditudan estatuak.

Horren zergatia? Argi dut borondatez eginiko hautuaren ondorio dela, hau da, ezezaguna ezezagun mantentzeko kontzientziazko ahaleginaren emaitza. Jokaera horren atzean zer ezkuta litekeen pentsatzen hasita, zalantza pizten zait, nik haiek ezagutu nahi ez izanaren ala haiek ni ezagutzea ekiditearen artean.

Eta, bien bitartean, uda-sasoi betean egonik, hasi gara uztail-abuztura begirako planak prestatzen, bazter miresgarrien bila. Nik ere ipini diot udarako erronka neure buruari. Tourreko etapa gorabeheratsuari begira, Xabier Usabiaga eta Fermin Aramendi entzuten nituen bitartean, otu zitzaidan bizikleta hartu eta Tolosaldeko 28 herriak bizikletaz bisitatzea. Tolosaldeko Itzulia, betikoa eta berria uztartuta, izenez hain ezagunak eta izanez arrotzak zaizkidan bideetan barna.

Aurtengo udan, Munichen Otto von Bismarck edo Kopenhageko Sirenatxoari argazkia atera ordez, Pablo Gorosabel eta Nikolas Ormaetxea 'Orixe'rengana gerturatuko naiz

Aurtengo udan, Munichen Otto von Bismarck edo Kopenhageko Sirenatxoari argazkia atera ordez, Pablo Gorosabel eta Nikolas Ormaetxea Orixerengana gerturatuko naiz. Izan ere, ustez ezaguna zaiguna ere zenbateraino ezagutzen dugu?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!